GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

«Taldean nirekin izan duten jarrerak bultzatu nau lau urterako sinatzera»

p044_f02_888x888.jpg

Pello Bilbao

Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Hiru hilabeteren buruan afizionatuen artean aritzetik, Pro Tourreko talde batera eman du jauzia. Euskadi Fundazioko harribitxi hau, ordea, burua lepo gainean mantentzen saiatuko da. «Hitz egiteko baino, entzuteko eta ikasteko sasoia dut hau».

Sinisteko ere hain denbora laburrean halako jauzia emango zenuenik!

Ez ba! Pasa den urtean afizionatuen artean korritzen nuen eta hiru hilabetean, UCI Pro Tourreko Euskaltelen mailako taldean nago! Inondik espero ez nuen sorpresa izan da, baina orain lanean hasi eta aukera aprobetxatu behar da.

Egoera berriaz jabetzeko balio izan dizu astebete honek?

Bai. Bertan egunean kristoren sorpresa izan zen, eta nola erreakzionatu ere ez nekien. Orain denaz jabetu naiz eta gauzak nola egin behar ditudan planifikatuta daude, eta zer egin argiago daukat.

Argi utzi zidaten nire lasterketa egutegia kontinentala izango zela, baina Nazioarteko Criteriuma lako aukerak edukitzea motibazio berezia da. Aprobetxatu beharko dugu.

Migel Madariagak eta Igor Gonzalez de Galdeanok esan dute oinarritik goraino iritsitako txirrindularien eredu zarela.

Jubeniletan beka bat eman zidaten eta beraiekin eman ditut txirrindularitzako pauso guztiak. Migeli, Igorri eta aurretik izan ditudan zuzendariei beren konfiantza eskertu nahi diet. Nirekin izan duten jarrerak eragin du nik lau urteko kontratua sinatzeko erabakia hartzea.

Halako kontratu luzeak lanari patxadaz ekiteko aukera emango dizu, ezta?

Luzera begira ari dira pentsatzen eta nigan itxaropena dutela esan nahi du horrek. Horri erantzutea espero dut. Baina nire adineko txirrindulari batek ezer gutxi demostratu lezake, eta tarte apur bat edukitzea lasaitasuna da niretzat. Aurten eta datorren urtean ez dut askorik destakatuko, baina hor daude hirugarren eta laugarren urteak aurrerapausoa emateko.

Pertsona lasaia zarela diote, eta ikasten ere bazabiltza. Urte hauek entzuteko eta ikasteko dituzu, hitz egiteko baino?

Ongi dakit non nagoen eta egoera honek ez dit inolako aldaketarik eragingo. Ikasketen inguruan, beti pentsatu izan dut aurreneko horiek direla; nire etxean ere hori bultzatu dute. Iaz SHEE-IVEF-eko aurreneko kurtsoa arazorik gabe atera nuen, eta aurten ere bide horretatik noa. Migel eta Igorrek animoak ematen dizkidate.

Bestetik, bai, entzutea eta ikastea tokatzen zait orain. Nik gustu handiz egingo dut hori, eta taldearentzat lan egin behar denean ere, arazorik barik. A. G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo