Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Torturaz
Baina torturaren sakoneko funtzio estrukturala beti izan da bat eta bakarra: beldurra. Inpunitate egoera zabaldu eta talde oso bat «shock» egoeran eduki
Mendebaldeko demokrazien diskurtso politikoak tolerantzia dauka ardatz nagusia eta axioma bitan oinarritzen da: biolentziaren arbuioa, alde batetik, eta giza eskubideen errespetua, bestetik. Horixe da demokrazia horietan bizi garen guztiontzat ezarri den joko zelaia. Gehiago ala gutxiago gustatu arren, hala ere, benetako arazoa ez da zelaia, ezarrita dauden joko arauak baizik. Ez dira arau unibertsalak, berezitu eta partikularrak baizik. Masa osatzen duen orok errespetatu behar ditu; botere politikoak, aldiz, ez du horren beharrik.
Eta, jakina, ez ditu errespetatzen. Estatu espainolak torturatzen duela mundu guztiak daki, inork ezin du zalantzan ipini. Eta urraketa hori ez da apeta hutsa, helburu oso zehatzak ditu.
Betidanik egotzi zaie tortura praktikei funtzio nagusi bat iritzi publikoari begira: informazioa lortzea. Ilusiozko etika da.
Baina hori ez da torturaren funtzio nagusia. Helburu nagusi bi gailendu genitzake: pragmatikoa eta estrukturala.
Epe laburrerako funtzio pragmatikoa deklarazio autoinkulpatorioak lortzea da. Gezurrezko egiak egia borobil moduan erabili ahal izateko, bai disidentzia erditik kentzeko, bai deklarazio horiei erabilera politiko eta politiko-partidista eman ahal izateko. Espetxeak betetzeko zerrenda bi baino ez ditugu behar: bata, ezabatu nahi dugun jendearena, eta bestea, «argitu» behar diren gertakariena. Bietatik tiratu, ausaz banatu eta voilà.
Erabilera politiko eta politiko-partidistaren adibide bat daukagu orain esku artean: denak ezker abertzalea estutzen, gertatu ez dena kondena dadin, benetan horiek guztiek egin beharko luketen kondena isilduta, eta Patxi Lopez orain askoz hurbilago dago «biktimengandik» eta askoz legitimatuago, bera ere «biktima» moduan, «0 tolerantzia» politikarako.
Baina torturaren sakoneko funtzio estrukturala beti izan da bat eta bakarra: beldurra. Inpunitate egoera zabaltzea eta talde oso bat shock egoeran edukitzea inaktibitatean. Auzokide batekin egon nintzen solasean lehengo egunean, sentitzen den inpotentziaz, etxea berdez beteta, zer gertatzen ari den jakinda, baina ezer egin ezinik, ezta animo begirada bat ere. Hurrengo egunetan gertatzen ari denaren eta edonori gerta dakiokeela jakitun. Inpunitatea eta babes gabezia.
Jendea herrietatik eta etxeetatik desagerraraztea eta geroko sufrikarioa ez da asmakizun espainola. Giza eskubideen errespetuaren diskurtsoak ez dio Mendebaldeko demokrazien botereari praktikan balio. Giza eskubideen errespetutik ez dago kontrol eraginkorrik, ez dago beldurraren politika egiterik. Eta hori denek dakite, denek aplikatzen dute hein batean edo bestean eta denek konpartitzen dute. Horregatik bestelako instantzia batzuetatik ezer gutxi egiten da estatu batek herritarren giza eskubidek urratzen dituenean, akaso gomendioren bat, apika 23.000 euroko isunak (torturatzaileak ez, baizik eta herritar guztion artean ordainduko duguna).
Torturaren ondorioez eta torturatzaileen paperaz beste batean arituko gara. Momentu honetan errealitatearen krudeltasunetik aldentzeko modu bat izan daiteke filosofatzea....