Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo ezker abertzalearen izenean
Agur eta ohore Joxe Antonio!
Gaixotasun latz eta krudel batek eraman du gure artetik Joxe Antonio Altuna. Inork ez du merezi hala amaitzerik, eta gutxiago Joxe Antoniok. Bere bizitzako urterik oparo eta emankorrenak Euskal Herriari eta Usurbili emanak, erretiro lasaia merezi zuen. Haatik, azken urteetan ere borrokan jarraitzea egokitu zaio. Bizitzaren eta heriotzaren deman, gaitzak hartu dio gaina. Baina bere adoreak eta kemenak gure artean jarraitzen dute, izan ere, aste honetan beste izar gorri bat piztu da Euskal Herriko zeru gainean.
Berak esana da: «Lau urterako hitza eman eta 16 egin ditut azkenean». 1987. urtetik 2003ra Usurbilgo alkate izan zen. HB alderdiaren bidez iritsi zen alkatetzara, baina herri honekiko konpromisoa ez zitzaion orduan sortu. Franco garaian zinegotzi izana, sindikalgintzan eta euskalgintzan buru-belarri aritu zen gerora. Aipagarria da Udarregi ikastola sortzeko berak eta beste hainbat herritarrek egindako lan eskerga. Herrigintza Udaletik jorratzen jarraitu zuen, eta Euskal Herria, Usurbil eta usurbildarrak izan ditu beti bere lanaren iparrorratz. Euskal Herriaren eraikuntzarako giltzarri diren Uema eta Udabiltzaren sorreran aktiboki hartu zuen parte, eta eredugarria izan zen intsumisioaren alde egindako lana, horrek Espainiako Justiziaren jazarpena eragin bazion ere. Urtebeterako kargugabetu zuten eta bitan atxilotu. Ez zuen agertu, ordea, inoiz damurik, eta tinko aritu zen ere euskal presoen eskubideen aldeko borrokan udalgintzatik.
Konpromisoa eta gertutasuna. Bere jardunaren ezaugarri eta bereizgarri izan ziren. Herritarrei entzuteko prest zegoen beti, bai bere bulegoan bai kalean. «Gogorra izan daiteke, baina horretarako gaude». Joxe Antoniok garbi zuen hori, eta horregatik zuten ia herritar guztiek oso etxeko. Laguna.
Ehiztari eta sagardozale amorratua. Ez zituen ezkutatzen zaletasun horiek. Baten batek esango du: «Usurbildar jatorren modura». Kalea gustuko zuen eta, batez ere, lagunekin txikiteoan aritzea. Eta beti zuen guztientzat hitzen bat, irribarre gozo bat edota animoak emateko bizkarrekoren bat. Usurbilgo mendi eta bazterrak ere ederki ezagutzen zituen. Ez zen arraroa mendi buelta ematen ikustea, makila eskuan zuela. Eta ez zen arraroa ere familia giroan ikustea, oso maiteak baitzituen emaztea, alabak eta bilobak.
Aparta izan zara, Joxe Antonio. Agur eta ohore! Eskerrik asko danagatik, alkate!
Ez adiorik, gero arte baizik.