Jimenez Seysses-en espetxeratu dute
Ibai Agirrezabala gazte baxenabartarrak Polizia frantsesaren esku jarraitzen duen bitartean, Jon Goio Jimenez Seysseseko kartzelan espetxeratu zuten atzo. Kartzelatu aurretik, Paueko epaitegian eman zion fiskalak tolosarrari bere aurka Auzitegi Nazional espainolak ezarritako euroaginduaren berri. Abokatuek azaldutakoaren arabera, bihar eramango dute berriz epaitegira eta bertan jakinaraziko dizkio epaileak euroaginduaren nondik norakoak.
GARA | BAIONA
Jon Goio Jimenez Seysseseko espetxean sartu dute preso, fiskalak atzo goizean bere aurkako euroaginduaren berri eman ondoren. Defentsako abokatuek GARAri jakinarazitakoaren arabera, tolosarra bihar eramango dute berriz Paueko epaitegira, epaileak Auzitegi Nazional espainolak eman duen atxilotze-agindua jakinarazi behar dio-eta. Bihar arte, beraz, ez da jakingo ofizialki zein akusaziopean atxilotu zuten Jimenez.
Polizia frantsesak astearte eguerdian atxilotu zuen Jimenez Bidaxunen. Tolosarra den arren, urteak daramatza Ipar Euskal Herrian bizitzen.
Jimenezen aurretik, asteartean, Ibai Agirrebarrena gaztea atxilotu zuten Baionan. Haren berririk ez zen izan atzo eta, beraz, Polizia frantsesaren esku jarraitzen zuen atzo komisarian.
Informazio agentzien arabera, Iñaki Iribarren eta Eider Uruburu ustezko ETAko militanteen atxiloketarekin zerikusia du Agirrebarrenaren atxiloketak. Uruburu eta Iribarren 2010ko urtarrilean atxilotu zituzten Clermont-Ferranden, Estatu frantsesaren erdialdean. Polizia frantsesak orduan esandakoaren arabera, atxilotu zituzten unean armak zeramatzaten soinean eta zulo batera zihoazen. Albistegi frantsesen arabera, inguru horretan aurkitutako hatz markak direla-eta atxilotu dute baxenabartar gaztea.
Aurrez atxilotuak
2009ko ekainaren amaieran atxilotu zuten lehenengoz Agirrebarrena. Operazio zabala burutu zuen orduan Polizia frantsesak Ipar Euskal Herrian, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren atarian. Parisko Auzitegiko Terrorismoaren Kontrako Sailak agindu zuen operazioa eta higiezinen agentzien kontrako erasoetan parte hartzea leporatu zieten atxilotutako gazteei. Gehienak libre geratu ziren arren, lau espetxeratu zituzten, tartean Agirrebarrena.
Hamaika hilabete espetxean eman ondoren, iazko maiatzaz geroztik kontrol judizialpean aske zegoen.
Jimenez, aldiz, EHAKren aurkako auzian zerikusia zuelakoan Auzitegi Nazional espainolera deitu zuten 2008an, baina uko egin zion bertaratzeari. Euroaginduak salatzeko egin zen prentsaurrekoan agertu zen Jimenez, epaitegi berezira deituriko beste hainbatekin.
2009ko ekainean, Agirrebarrena atxilotu zuten operazio berean, atxilotu zuten Jimenez baina egun gutxira utzi zuten aske.
Albiste agentzia espainolak, ordea, temati ari dira tolosarra Jose Maria Aznar presidente ohi espainolari misilekin eraso egin nahi zion ustezko talde batekin lotu nahian. Jimenezez gain, Pedro Mari Olano lizartzarra eta Juan Mari Mujika ataundarra ere talde horretako kide zirela aipatu zuten. Olano espetxean dago, Guardia Zibilak bortizki torturatu zuela salatu ostean. Mujikak ,aldiz, urteak daramatza Ipar Euskal Herrian bizitzen eta 2008ko abenduaren 11n lau polizia espainolek bi orduz Donapaleun bahituta izan zutela salatu zuen.
Segi gazte erakundeak gogor salatu ditu bi atxiloketa hauek eta azken aste eta hilabeteetan gazteak errepresio «bortitza» pairatzen ari dela salatu du. Agirrebarrenaren atxiloketarekin batera, Izpuran itxialdia egin zuten zortzi gazteetatik zazpi gatibu hartu dituztela salatu du. Zentzu horretan, atxiloketak salatzeko antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu zuen gazte erakundeak, euskal gazteriari borrokarako deia egiteaz gainera.