GARA > Idatzia > Euskal Herria

DyJ-k «Egunkaria»-ren auzi ekonomikotik at utzi zuen epaiari helegitea jarri dio

GARA |

``Euskaldunon Egunkaria''-ren auzi ekonomikotik kanpo utzi zuen epaiaren kontra helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du Dignidad y Justicia elkarteak. Herri akusazio gisa aritzeko Gipuzkoako Auzitegian errekurtsoa aurkeztuko du.

Donostiako Zigor Arloko 3. epaitegiko epaileak martxoaren 1ean adierazi zuen Dignidad y Justicia elkarteak ezingo duela auzi honetan herri akusazio gisa aritu. Elkartearen estatutuen arabera terrorismoarekin lotutako delituen kasuan bakarrik aritzeko helburua du, eta auzi ekonomiko honetan era horretako deliturik ez dagoenez, elkarteak parte hartzeko zilegitasunik ez duela ebatzi zuen epaileak.

Hasiera batean, auzia Madrilgo auzitegi berezian epaitzekoa bazen ere, ``Euskaldunon Egunkaria''-ren aurkako auzi nagusiko auzipetuen kontrako absoluzioa irmoa izan bezain laster, 2010eko ekainaren 16an, Auzitegi Nazional espainola inhibitu egin zen, auzi ekonomikoa epaitzeko eskumenik ez duela argudiatuz.

Hasieran onartua

Sumarioa orduan Donostiako Probintzia Auzitegiaren esku utzi zuen. Terrorismo delituekiko lotura desagertuta beraz, Ogasun Publikoaren kontrako balizko delituak epaitzeko eskumena Donostiako Probintzia Auzitegiari dagokio.

Auzia lekualdatu eta berehala, Dignidad y Justicia elkarteak lege ordezkariak izendatu zituen eta epaitegiak hasiera batean onartu egin zituen. «Egunkaria auziko» zortzi auzipetuen defentsak helegitea jarri zion ebazpenari, eta fiskalak defentsaren eskaera eta argudioekin bat egin ondoren, arrazoia eman zien epaileak eta Dignidad y Justicia elkartea auzitik kanpo utzi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo