GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eskubide zibilen inguruko batasunaren bila

Eskubide zibilen aldeko mugimendu baten beharra ez da atzo goizeko kontua; hala ere, azken garaian inoiz baino nabarmenago agertu da eskubide zibilen aldeko mobilizazioa topagune izango duen eta jatorri desberdineko hainbat sektore bilduko dituen mugimendu horren beharra. Izan ere, eskubideen inguruko kontsentsuak lortzeak berebiziko garrantzia du, eta hala azpimarratu dute GARAk elkarrizketatu dituen mugimendu horretako kideek, azken asteotan Aurore Martinen edo Izpuran itxialdia egin zuten gazteen aurkako euroaginduak salatzeko lortutako batasuna eredu gisa jarriz. Adierazi EH!-ren kriminalizazioaren ostean, beharra sumatzetik mugimendua abiatzera egin zuten hainbat herritarrek eta dagoeneko abian da Euskal Herriko Eskubide Zibilen aldeko Mugimendua. Aldi berean, euskal gizartearen mobilizazioa azken hilabeteetan milaka eta milaka lagunen parte-hartzeak indartu du. Zantzu horiek, zabaldu den egoera politiko berriak eta estatuen dinamika errepresibo zentzugabeak, pixkana baina etengabe, pausoak emateko aukera eta premia erakusten dute. Hurrengo pausoa datorren larunbatean ematera deitu dute, epaitegien aurrean, herri mobilizazioa tresna eraginkor eta demokratikoena den uste osoa dutela. Izan ere, herria bera du protagonista, bere eskubideen aldarrikapen eta defentsan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo