GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Albisuk hartuko du Patxi Ruizen lekua

p046_f02.jpg

Jon ORMAZABAL

Exijentzia maila goreneko partida bat jokatuz egingo du Jon Ander Albisuk lehen mailako txapelketa ofizial batean debuta. Izan ere, Asegarcek min hartuta dagoen Patxi Ruizen lekua betetzeko aukeratu zuen atzo arratsaldean. Lizarrakoak zentimetro bateko zuntz-etendura dauka ezker zangoko soleoan eta ezin izango du finalerdietarako sailkatzeko horren garrantzitsua den Eibarko partidan jokatu. Ataundarra bihar bere herrian promozio txapelketako partida jokatzekoa zen, baina Otxandorenak hartuko du haren lekua.

Gainontzean, nahita prestatuta ere, nekez asma zezakeen inork lehen itzuli luze honetarako amaiera estuagorik. Kontrakoa gertatzea oso litekeena zen arren, azken jardunaldiko partida guztiek izango dute mamia, eta igandean Astelenakoa bukatzen den arte ez dugu jakingo zein hiru bikote igaroko diren Xala eta Barriolarekin hurrengo fasera. Zale gehienak hasiak dira dagoeneko bikote bakoitzak zer emaitza behar dituen kalkulatzen. Tanto kopuruaren gorabeherak argitzeko kalkulagailu zaharrari pilak ere aldatu dizkio zenbaitek, baina, gertatutakoak gertatuta, pilotariek uste dute nahikoa lan badela azken lehia irabazten saiatzea.

Gauza bakarra dago argi, alegia, hiru direla sailkatzea euren esku duten bikoteak. Olaizola II.a-Beginok, Bengoetxea VI.a-Patxi Ruizek eta Gonzalez-Laskurainek badakite euren partidak aurrera ateraz gero, finalerdietan izango direla.

Titinek eta Pascualen ordez arituko den Beroizek, bestalde, badakite Olaizola II.a eta Beginori lau tantoz irabazita nafarrei aurrea hartuko lieketela, baina errioxarraren esanetan, partida irabaztea da kalkulu bakarra. «Guk ez dugu batuketa askorik egingo. Gauzak dauden bezala, matematikaria izan beharra dago bategatik edo bigatik irabazita, gauzak nola dauden jakiteko. Onena da bizirik gaudela azken jardunaldi honetan. Gure partida ateratzeko ahalegina egitera etorriko gara, oso zaila izango dela dakigun arren».

Larunbatean aurkari izango duten bikotea dute gauzak asko alda daitezkeela erakusten duen adibide garbia. Aimar Olaizolak berak onartu zuenez, «jende askok esaten zigun lehen sei partidak erreskadan irabazi eta gero, sailkatuta geundela, baina guk bagenekien hori ez zela horrela eta begira nola gauden orain. Hemen denek asko jokatzen dute eta zure maila apur bat jaisten duzunean berehala irabazten dizute», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo