Iñaki Petxarroman 2011/3/10
Osasun sistema publikoa
berria
Ezin zaiola eutsi esan du Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak, sortzen ari den zorra «kezkagarria» dela, «alarma pizteko modukoa» ez esatearren. Ospitaleratzeagatik eta mantenuagatik herritarrek kuota bat ordaintzearen alde dago Nafarroako lehendakaria, egungo sistema «unibertsal eta doakoari» eusteko.
Neurri horiek bere kasa ez dituela hartuko iragarri du, ordea, alderdi guztien babesa behar delako horretarako. Badakigu. Etorriko da hori ere, lan eta pentsioen erreformak etorri diren bezala. Denbora kontua da, haizatzearen ondorioz, mamua benetakoa dela sinesten dugunerako. Orduan alferrik izango dira kexak eta grebak. Eta beste arlo bat egongo da, oraindik ere gehiago, enpresen eta aseguru pribatuen interesen menpe.
Eta, bide batez, herritarrei galdetuz gero? Esaterako, ea nahiago duten abiadura handiko trenean 3.000 milioi euro gastatu edo diru hori -Nafarroako Osasun Sailaren hiru urteko aurrekontua baino gehiago- osasun publikora bideratzea?