GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ainhoa Arrozpide Gipuzkoa Zero Zabor

Moratoria eskatzeko ez da dantzaria izan behar

Denok dantza bera egiten badugu, dantzan jarriko ditugu Diputazioan eroso dauden diputatu guztiak, dantzan jarriko ditugu moratoria eman arte

Kez beteko dizkigute Gipuzkoako birikak, utziz gero. Foru Aldundiak Zubieta aukeratu du errauste planta pozoitsua eraikitzeko kokaleku eta hain zuzen bertan, Zubietan, Gipuzkoako biriketan, 2.000 lagun, 2.000 gipuzkoar dantzan jarri nahi ditugu. Gaiztakeria erraldoiari erantzun erraldoiagoa emango diogu, eta errauste plantari sei urteko moratoria eman diezaioten eskatuko dugu.

Martxoaren 20a aukeratu dugu gipuzkoar guztiok ahots bakarrez moratoria eskatzeko. Martxoaren 20a da, beraz, ikuskizunaren eguna. Datorren igandea. Egun sinbolikoa izango da gainera, propio aukeratutakoa, duela bi urte abiatu zelako Usurbilen atez ateko hondakinen gaikako bilketa. Zubietak arazoa erakusten du, eta martxoaren 20ak irtenbidea. Errauste planta eta atez atekoa aurrez aurre daude eta halaxe egongo dira egun horretan ere.

Flash Mob. Inork ez du bere etxe atarian errauste plantarik nahi. Eta mehatxu horrek gipuzkoar asko eraman du hondakinen arazoaren inguruan kontzientzia hartzera. Denbora gutxian 35.000 sinadura bildu ziren eta herrietan talde ugari eratu zen. Gaur egungo Zero Zabor talde gehienen ernamuina errauste planta etxe ondoan irudikatzeak eta hondakinekin dugun arazoaren kontzientzia hartzeak sortzen duen ezinegon horretan aurkitzen da.

Gipuzkoar guztiok sortzen ditugu hondakinak. Horregatik, irtenbideak ere guztion parte-hartzea eskatzen du. Atez ateko hondakinen bilketak, hain zuzen, herritar guztien parte-hartzea bermatzen du. Horrela, Usurbil, Hernani, Oiartzun eta orain Antzuolak errauste planta ez dela beharrezkoa frogatu dute, egun batetik bestera hiri hondakinen %80tik gora gaika biltzera iritsi direlako. Udal horiek hondakinak kudeatzeko modu iraunkorrak sozialki eta ekonomikoki bideragarriak direla frogatu dute. Herritarron osasunari kalterik egiten ez dioten alternatibak egonda, zein zentzu du herritarron osasuna kaltetzeak?

Orain arteko ibilbidean Usurbilgo Itunaren ekarpena ere garrantzitsua izan da, Gipuzkoako gehiengo soziala moratoriaren inguruan artikulatzea lortu duelako. Errauste plantak gizartean sortzen duen gaitzespena bideratzea eta zabaltzea lortu du Usurbilgo Itunak, eta horren frogarik onena bere sinatzaileen artean dagoen aniztasuna da.

Testuinguru horretan txertatzen dugu Flash Mob ekimena. Milaka herritarrek eta hainbat udalek egindako lanari jarraipena ematen dio, eta, dantzan, alai, irribarrez, baina tinko, espazio aproposa irekitzen du moratoriaren alde gauden herritar guztiak batzeko. Martxoaren 20an, beraz, Zubietan, dantzan, alai eta irribarrez Gipuzkoako diputazioari esango diogu oker dabilela, ezin duela tamainako azpiegitura kaltegarririk bultzatu. Ezin duela gipuzkoarron osasunarekin jolastu. Markel Olanori esango diogu gure eta gure ondorengoen osasuna ezin duela hain modu arinean arriskuan jarri.

Kearen merkatariak. Merkatariak daude Foru Aldundian, hipoteka toxikoekin negozioa egiten duten kearen merkatariak. Osasuna kaltetzeaz gain, herritarron diruak ere xahutzeko asmoa erakutsi dute. Dituzten diru apurrekin iristen ez zaienez, udal guztiak hamarka urtetan hipotekatuko dituztela ere esan dute. Zertarako eta inork nahi ez duen errauste planta bat eraikitzeko, FCC bezalako enpresentzat gobernatzen ari direlako, herritarron nahiei muzin eginez.

Arnasa hartu nahi dugu. Haize errotek biratuko duten aire garbia arnastu nahi dugu. Baina, kontrara, kea saltzen digute. Errauste plantak ez direla pozoitsuak, diote. Kea da hori. Errauste planta egin egingo dutela, herriak nahi edo ez nahi. Kea, baita ere. Eta beraiek direla gehien birziklatzen dutenak. Dena da kea haien ahoan. Erreketa justifikatzeko komunikabideetatik botatzen duten keaz inguratzen gaituzte, etorkizun hurbilean dioxinaz betetako keaz inguratu nahi gaituztelako. 

Dantzan jarriko ditugu. Martxoaren 20an dantza egingo dugu, bai. Haur, gazte, heldu eta aiton-amon guztiek dantzan egingo dugu ezetz esateko. Badaudela moduak hondakinen arazoari aurre egiteko. Irtenbide merkeago eta osasuntsuak badaudela esateko. Herritarrok konponbideetan parte hartu nahi dugula esateko. Denbora, errausketaren proiektua geldi dezaten, eta, denbora, Gipuzkoa osoan hondakinak modu arduratsu eta eraginkor batean kudeatzen hasteko.

Horregatik gatoz Zubietara. Bertako herritarrei elkartasuna adieraztera, gure maitasuna adieraztera, bakarrik ez daudela esatera. Arazoa guztiona dela esatera. Denok dantza bera egiten badugu, dantzan jarriko ditugu Diputazioan eroso dauden diputatu guztiak, dantzan jarriko ditugu moratoria eman arte.

Moratoria eskatzeko ez da dantzaria izan behar. Martxoaren 20an Zubietara hurbiltzea nahikoa da Flash Mob ekimena babesteko. Ez genuke soilik dantzarien festa izatea nahi. Alderantziz, moratoria aldarrikatzen duen herri alai eta batu baten festa izatea nahi dugu. Horregatik, ikuskizun nagusiaren aurretik dantza emanaldiek animatuko dute goiza, eta sagardoa eta pintxoak ere ez dira faltako.

Hortaz, dei berezia egiten diegu gipuzkoar guztiei, Flash Mob honetara etor daitezen, eta astean zehar beren herritan, auzotan antola daitezen, entseguak egin ditzaten, Gipuzkoan inoiz egin den dantzaldi erraldoiena egingo dugulako. Guztion artean errauste plantaren kontrako Flash Mobak mamu pozoitsua irenstea lor dezakegulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo