Hautagai abertzale ohiek ere bat egin dute EHBai koalizioarekin
Kementsu agertu dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan 1973tik egindako hauteskundeetan hautagai izandako hamarka ezkerreko abertzale. Mezu argia zabaldu dute: datorren igandean beren boza EHBai koalizioari emateko eskatu diete herritarrei, «Euskal Herriaren aitortza hitzetatik ekintzetara eramateko mugimendu abertzalearen akuilua indartzea ezinbestekoa» delako.
Arantxa MANTEROLA | UZTARITZE
Kantonamenduetako hauteskundeen kanpainaren erdi-erdian gauden honetan, argazki bikaina eta guztiz ezohikoa eskaini zuten atzo goizean, Uztaritzen, azken urteotan hautagai izan diren 50 bat ezkerreko abertzale inguruk.
ABk, Batasunak eta EAk osaturiko Euskal Herria Bai! (EHBai) koalizioko hautagaiei «sostengu osoa» adieraztea eta datorren igandean hautestontzietan euren aldeko boza ematera deitzea zen agerraldiaren xedea.
Peio Iralurrek euskaraz eta Lilian Hirigoienek frantsesez, guztien izenean zein bertan izaterik ezin ez zuten beste hogei hautagai ohi ingururen izenean ere, adierazpen beratia irakurri zuten. Abertzaleek urteetan egindako ibilbidea oroitarazteko, «Lepoan hartu ta segi aurrera» edota «Zenbat gara?» abestien sinbolismoa erabili nahi izan zuten.
Gorantz doan boza
«Progresoa eta modernitatea» aitzakia bezala hartuta, zenbait euskara desagertzen, etxaldeak husten, itsasaldea turista dirudunez betetzen eta lanik ezean bertako gazteak erbesterazten ari zelarik, mugimendu abertzaleak Euskal Herria «zaindu, gerizatu, moldatu eta apaindu» zuela nabarmendu zuten.
«Aitzinean zituzten ereduak gogoko ez zituztelako», tentuz eta zuhurtziaz pixkanaka hauteskundeen esparruan sartzen joan zirela gogoratu zuten, baita geroztik abertzaleek handitzen doan lekua egin dutela ere.
Abertzaleen arteko desberdintasunak, desadostasunak eta zatiketak gorabehera, Enbata, EHAS, MUA, EMA, EB, AB, EA, Batasuna eta beste hainbat siglen atzean bildutakoek, «ildo bera, Euskal Herria eraikitzea, alegia», segitu dutela nabarmendu nahi izan zuten. Luzaroan abertzaleen bozak «indar askorik izan ez badu ere, gaur egun balio handikoa» bilakatu dela gaineratu nahi izan zuten.
Halaber, argiki esan zuten «plazer handiz» bildu direla bide hori urratzen jarraitzeko: «EHBai koalizioari gure sostengua ekartzea plazera da, betidanik `bai!' erran baitiogu Euskal Herriari».
Abertzale eta ezkertiarrak diren heinean, ez dutela «nolanahiko Euskal Herria» eraiki nahi aitortu zuten. Jarraian, «justizian oinarritutako jendartearen alde» dihardutela ohartarazi zuten.
Elkarlana, derrigorrezkoa
Gaur egun irekitzen ari den fase berria ere hizpide izan zuten. Euskal Herria «aitortza demokratikora eramango» duen, «eta, dudarik gabe, oraindik fruitu gehiago ekarriko dituen bidea» dela azpimarratuta, garai berriek «abertzale progresisten elkarlana derrigorrez» eskatzen dutela esan zuten.
Martxoaren 20an, «Euskal Herrian sinesten duen gizon-emakume orori» EHBai bozkatzeko dei zabala eginez amaitu zuten atzoko agerraldia, «nolaz ez dugun beldurrik, ez dugun lotsarik, nor garen, zer garen aitortzeko, lepoan harturik aurrera» segituko dutela kartsuki aginduta.
Datorren igandean Paueko Kontseilu Nagusiko ordezkariak hautatzeko hauteskundeen lehen itzulia egingo da. Ipar Euskal Herriko hamar kantonamendutan bozkatuko da, honakoak hain zuzen ere: Angelu Iparra, Atharratze, Baiona Iparra, Baiona Ekialdea, Baiona Mendebaldea, Bastida, Biarritz Mendebaldea, Donibane Garazi, Hazparne eta Iholdi.
Agerraldia hasi aurretik, 1973. urtetik iaz egin ziren Akitaniako eskualde bozetaraino ezker abertzalea ordezkatuz hauteskunde lehian parte hartu duten hautagai, zerrenda eta siglak jasotzen dituen diaporama erakutsi zuten.
Enbata gisa aurkeztu ziren, 1973an, lehenak. Geroztik, era bateratuan edo bereizian, hamaika izendapenez jantzirik jasotzen segitu da ezkerreko boz abertzalea Ipar Euskal Herrian.
Alta, azken urteotan elkarrekin aurkezteko makina bat dei egin izan diete herritarrek alderdi abertzaleei. Azkenean, 2007ko hauteskunde legegileetan lehendabiziko aldiz aurkeztu zen EHBai koalizioa. Oraingoarekin, koalizioa berritzen den laugarren aldia da. EAK-PNBk, berriz, ez du inoiz bertan parte hartu. A.M.