Kronika | Bilbao Rock City
Sareko proposamenen eskutik hiria erritmo bizian dabil, ibili ere
Sareko «www. bilbaorock city. com» agenda ezinbestekoa bihurtu da Bilbo Handiko rockzaleen artean, Bizkaiko hiriburuaren ingurumarian egiten diren rock zuzeneko berezienen berri ematen baitu duela zortzi urtetik.
Anartz BILBAO
Orain arte doan egindako lanak bere esker ona jaso zezan, Fernando Gegundezen gidaritza duen agerkariak bederatzi rock talde Santana 27 aretotzarrean bildu eta proposamena egin zigun, herenegun bilbainada bihurtu zuena, bertara 800 lagun inguru erakarrita. Akaso urtero behin egin beharko lukete.
Festa Atom Rhumbarekin hasiko zela iragarrita zegoen arren, melee-a sortzerako Gargantua sonikoak bukatua zuen bere lana. Lagunen esanak kontuan hartuz gero, jaialdia irekitzearen onura eta gabezia guztiekin; bigarren horretatik gehiago izan omen bazen ere.
Taldeen arteko txandaketak bizkor burutu ziren, talde bakoitzak bere musika tresnak eta taldekide kopuru ezberdina zutela kontuan izanda, eta El Deseo del Doctor arrabita jole eta guzti oholtzaratu zenerako -Doctor Deseoren beste aurpegi bat-, aretoa berotzen hasia zen.
Francisek plazagizona dela erakutsi zuen, beti bezala, zirrara baino jarrera gehiago izan zuen agerpenean. Kapela eta liga gorria jantzita, kantariak argi bota zuen gauaren funtsa: «Horrenbeste lagundu gaituenari laguntzera etorri gara».
Asmo berarekin, Santiago Delgadok hartu zien lekukoa agertokian, The Runaway Loverseko kideek lagunduta. «Uniformatuta», dantzarako rock & roll klasikoa jo zuten, «Por amor al rock & roll» (Hanky Panky Records) lanetik hartua, ohi duten bezala zuzen eta xume. Akustikoan, Delgadok gitarra jo zuen perkusio kaxoiak eta bi ahotsek lagunduta. Ekitaldi fresko eta dibertigarria, hamarkada batzuk atzera eraman gintuena.
Gorenera heldu baino lehen gehienontzat ezezagunak ziren The Hustlers taldea entzuteko parada izan genuen. Gaueko talderik berriena zen eta tarteka erakutsi zuen, ez baitzuten beti musikari guztiek batera, erritmo berean, jo. Hori bai, alkandora gorri dirdiragarriz eta entzun ez ziren marakez lagunduta, abeslariak rock izarren imintzio eta keinu guztiak ondo ikasiak dituela agerian gelditu zen.
Abiadura bizian, dagoeneko ekitaldiaren berora helduak ginen, kasik infernuko erdigunera arte, azken txanpan jo zuten Sonic Trash, Positiva eta Capsula talde kalipuz beterikoekin.
Positiva laukote tximaluzea eta distortsioz betea hard rock eta stoner doinuetara hurbildu zen «Prodigal Songs» lan berriko kantuak emanez, eta besteek baino emanaldi luzeagoan eman. Capsulak ere, bere aldetik, lan berria zuen aurkezteko, atzo bertan salgai jarri zen «In the Land of Silver Souls», Jon Agnellok ekoitzitako lana. Bikote bilbotar argentinarrak -hirukotea da taldea, baina tresna garrantzitsuena omen den bateriak garrantzia gutxi du hemen-, «badu zerbait» baino zerbait gehiago du, hipnotiko samarra izateraino... eta momenturik gorenean da orain. Martin Guevarak herenegun jan egin zuen mikrofonoa, literalki, ondoan Coni Duchess bikotea baxua jo eta aldakak kulunkatzen zela. Ordu laurden baino ez oholtza gainean eta bukaera bikaina, David Bowie handiaren «Moonage Daydream» joz (gure iritziz Zen Guerrillaren bertsiotik hurbilago).
Baina bene-benetan haginak estuturik eta beldurtu gintuena Sonic Trash izan zen, Ya Te Digo taldeen hondarretatik sortua eta emakumezko bateria jole gazte batek suspertua. Hasi eta bukatu, trinko eta intentsitate ikaragarriz haize bolada bortitz bat legez bizkortu gintuen laukoteak. Bikain.
Jarraian, El Inquilino Comunistak oso tarteka egiten dituen elkartzeetariko bat egin zuen, inoiz baino lasaiago eta txarrera joan zen soinu batez talde gogoangarria izan zirela erakusteko. Azkenik, zerrendako talderik beltzenak, The Cherry Boppersek, rocketik zerbait aldenduta dantzarako funk erritmoz, metal sekzio eta guzti, disko jartzaileei txanda eman zien gaua borobiltzeko.
Bederatzi talde oholtza gainean, eta gehiago ikus-entzuleen artean, urtero ospatu beharko litzakeen jaialdian, lagunarteko giroak argi utzi zuenez, rockzale gazte berriak ere bertan ziren arren -batez ere neskak eta jaialdirako egoki apainduak-, gehienok aspaldiko ezagunak ginen-eta.
Taldeak: Atom Rhumba + El Deseo del Doctor + Santiago Delgado & The Runaway Lovers + The Hustlers + Sonic Trash + Positiva + El Inquilino Comunista + Capsula + The Cherry Boppers.
Tokia: Santana 27 (Bilbo).
Eguna: 2011-3-11.
Ikus-entzule kopurua: 800 rockzale, eta lagunarteko giroa.