Harrera bikaina egin diete trapagarandarrek Carrascoliendas inauteri jaiei
Hamarkada asko eman dituzte Trapagaranen «Carrascolienda» abestiaren doinuak entzun gabe. Herritarrek baina, aspaldiko ohitura berreskuratu zuten atzo jai herrikoi eta parte-hartzaileak bultzatu asmoz.GARA | TRAPAGARAN
Herriko zaharrenek haurtzarora itzultzeko aukera izan zuten atzo Trapagaranen, haurtzaroan ospatzen zituzten inauteriak gogoratzekoa. Izan ere, 70 urte baino gehiago pasa dituzte Carrascoliendas izenarekin ezagutzen dituzten inauteri jaiak ospatu gabe Trapagaranen.
Herriko helduenek gogoratzen dutenez, bertan ez ezik, Barakaldoko Lutxana eta Burtzena auzoetan eta Sodupe edo Gordexolan ere egiten ziren. Arropa zaharrez jantzita, etxez etxe joateko ohitura zuten, «Carrascolienda» abestia kantatuz, eta, bide batez, taldean dastatzeko jana eta edana bilduz.
Jaia debekatuta izan zen luzaroan, eta, azkenerako, galdu egin zen. Orain, berriz, ospakizuna berreskuratzeko lan handia egin dute herriko helduenen oroitzapenak jasoz. Basetxe gaztetxearen lana ezinbestekoa izan da.
Antolatzaileek herritarrei hordagoa bota ostean, erantzuna ezin hobea izan zen atzokoan. Izan ere, makina bat lagun elkartu ziren auzoz auzo eskean.
Goizeko lehen orduetan Trapagarango industrialdearen inguruetan kokatutako auzoetarako bidea egin zuten parte-hartzaileek, musikaz lagunduta, DJekin, «tradizioa eta modernitatea uztartuz». Kimetz Arana antolatzaileetako batek nabarmendu zuenez, auzoetako herritarrek harrera beroa egin zieten, «kalera jaitsi eta jana eta edana eskainiz».
Ehun lagun inguru elkartu ziren auzoz auzoko bidea egiteko, eta, ostean, herri bazkaria ere egin zuten. Arratsaldean herri gunean zuten zita eta jende gehiago bildu zen jaira.
Inauteri eredu herrikoia
Aranak azaldu zuenez, orain urtebete hasi ziren hausnartzen herrian ospatzen ziren inauterien inguruan. «Herriko taldeek parte hartzen zuten desfilean, baina, egia esan, mozorro erakustaldi hutsean geratzen zen dena; gauean, gainera, jaia amaitu eta gazteak inguruko herrietara joaten ziren», azaldu zuen. Benetako inauteri parte-hartzaile eta herrikoak nahi zituzten, eta zer hobe atzera egin eta herriko ohitura zaharrei begiratzea baino.
Auzoz auzoko ibilaldia ez ezik, kontzertua ere antolatu zuten atzo gauean herriko taberna batean, «eguna borobildu eta herritarrek herrian bertan jaia amaitzeko aukera izateko».
Oraindik ere jaian murgilduta zirela, aurrera begira jartzeko beta ere hartu zuten antolatzaileek atzokoan. Izan ere, herritarren erantzuna ikusita, datorren urtean ospakizuneko dantza ikasteko ikastaroak antolatzeko asmoa dutela aurreratu zuten.
Aurtengoan ospakizunak izandako harrera ikusita, datozen urteetara begira jaia aberasteko ideiak sortzen hasi dira dagoeneko. Besteak beste, herritarrei ospakizuneko dantza irakasteko ikastaroak antolatzeko asmoa dute.