Top 14
Final-laurdenak gero eta gertuago daude
BIARRITZ 36
RACING METRO 32
Jon LEUNDA
Garaipen handia lortu zuen atzo Biarritzek Racing Metroren aurka, eta final-laurdenak jokatzeko txartela gero eta eskurago dute lapurtarrek, eta agian finalerdiak zuzenean jokatzearekin ere pentsatzen hasi beharko dute. Horretarako, ordea, lehen edo bigarren postuan amaitu behar dute liga erregularra.
Atzoko garaipenak asko balio du, lau entsegu ere lortu baitzituen talde euskaldunak, eta horrek beste puntu bat eman baitzion. Lan asko egin behar izan zuten zuri-gorriek, sufritu ere dezente egin behar izan zuten, amaiera luzea egin baitzen, baina bukaeran garaipena etxean geratu zen.
Avironek, galdu
Avironek atzerapausoa eman zuen Perpinyan 25-19 galduta; gainera, kataluniarrei bizia eman diete lapurtarrek. Izan ere, Ligako sei onenen artean sartzeko borrokan sartu dira berriro kataluniarrak. Perpinyan hobeto aritu zen, eta atseden hartzera ere aurretik jan zen (14-3). Bigarren zatian euskaldunen jokoa apur bat hobetu bazen ere, ez zuten garaipena lortzeko adina meritu egin.
Gerberrek egin zituen euskaldunen bi entseguak, Boyetek bi zigor kolpe gauzatu zituen eta Audyk beste bat. Kataluniarrek ere bi entsegu egin zituzten, eta bost zigor kolpe. Jokoaz gain, beste gakoetako bat hor egon zen, ostikoekin Perpinyan hobeto aritu baitzen, nahiz eta bi taldeek hor ere huts dezente egin zituzten.
Italiak, ezustea
Sei Nazioen Txapelketan Italiak sekulako ezustea eman zuen Frantziari historian lehen aldiz irabazita (22-21). Bergamascok bost minuturen faltan lortutako zigor kolpeak erabaki zuen norgehiagoka. Atzoko ezusteko porrotaren ostean, Frantziak ez dauka dagoeneko inolako aukerarik txapela lortzeko. Atzoko beste partidan, berriz, Galesek 19-13 irabazi zion Irlandari. Horrenbestez, lehiaketa bereganatzeko aukerekin jarraitzen du.