«Garaipen honek lasaitasuna eta egundoko motibazioa eman dit»
Gipuzkoartu zenetik eta batez ere Pipiritako haize bereziak lagunduta, mendi lasterkariak egundoko urratsak eman ditu. Azkena, martxoko lehen asteburuan egin zuen; hain zuzen ere, Transgrancanaria ultra trailean. 123 kilometroko lasterketan lehena izan zen, eta argi utzi du etorkizun benetan oparoa duela.
Andoni ARABAOLAZA
Nahiz eta mendiko lasterketetan maila bikaina eman duen, Zigor Iturrietak argi asko utzi du azken bolada honetan ultra trailetan oso espezialista indartsua dela. Iazko Mont Blanc-ekoan, adibidez, hirugarrena izan zen. Eta duela astebete pasatxokoan, Transgrancanariako lasterketan, lehena.Transgrancanaria irabazi ondoren, argi geratu da iaz UTBn erdietsitakoa ez zela zorte kontua izan, ezta?
UTBkoa eta gero, Cavalls al Vent-en hipogluzemia izan nuen eta beldur pixka bat banuen. Aitortu behar dut lasterketa ondoegi atera zitzaidala. Entrenatzaileak esan zidan %80an nengoela, urtea luzea dela, lasterketa lasai hartzeko eta txukun ibiltzeko moduan nengoela. Nahiko lasai ibili nintzen, oso sentsazio onekin. Parte hartu dudan ultra trail guztietan beti pattalaldiren bat izan dut, eta azken honetan, ordea, ez.
Gainera, North Face taldeak fitxatu zaituenetik, lehen garaipena sinatu duzu. Horrek motibatuko zaitu.
Presiopean nengoen, izaera horretako talde batekin fitxatzea handia baita. Irabazi eta gero, egundoko lasaitasuna sentitu nuen. Gero, berriz, kristoren motibazioa. Demostratu nahi nuen UTBn lortutakoa ez zela txiripaz izan. Txukun ibiltzea oso garrantzitsua zen niretzat, eta azkenean irabazi nuen. Horri esker, hurrengo lasterketak patxadaz hartuko ditut.
123 kilometroko lasterketa bada ere, bigarrenari 13 minutuko aldea atera zenion eta hirugarrenari, faboritoari, 23. Esan daiteke erraz irabazi zenuela?
Lasterketa hau oso aldekoa atera zitzaidan. Lehen 30 kilometroei beldurra nien, arin korrika egiteko oso aproposak zirelako. Taldean atera ginen, kontrolatzen. Gero, hungariarrak ihes egin zuen eta ez genion kasu handirik egin. Oso erritmo erosoan joan ginen. Pixkanaka korrikalari batzuk erretiratzen joan ziren: portugesa, Iker Karrera... Bi frantses eta ni geratu ginen, eta 80. kilometroan hungariarra harrapatu genuen. Ibilbidearen azken txanpan erritmoa bizitu, arriskatu... eta helmugara lehena iritsi nintzen. Oso jaitsiera teknikoa zen.
Jakin badakit jaitsieretan oso abila zarela. Hor egon zen garaipenaren gakoa?
Nire estrategia 80. kilometrora arte tropelean joatea zen, eta gero ihes egitea. Eta bikain atera zitzaidan. Jakin banekien 80. kilometrotik helmugaraino maratoi bat nuela aurretik. Nahiz eta igoerak bazeuden, gehiena jaitsiera zen, eta, arestian aipatu dudan legez, oso teknikoa. Korrikalari askok erorikoak izan zituzten. Eta, bai, jaitsiera teknikoetan bikain moldatzen naiz.
Helmugaraino tarte luzeegia nuen, baina arriskatu eta ondo atera zen. Eginiko lanarekin oso gustura nago. Negua oso gogorra izan da. Entrenamendu asko egin dut, batez ere gimnasioan. Eta horri esker giharretatik inoiz baino hobeto ibili naiz.
Lasterketa perfektua zen niretzat. Hasiera lasai egiteko, eta amaiera teknikoa duena. Jaitsiera luzea zen. Gainera kontuan hartu behar da bezperan euria eta hotza egin zuela. 80. kilometroan taldeko arduradunek esan zidaten ze asmo nuen, eta nik erantzun nien irabazi egingo nuela.
Kanaria Handian egiten den lasterketa hori, ze iruditu zaizu?
Oro har, oso ona. Egin ditudan beste batzuekin alderatuta, batez ere inguruari begira, oso ezberdina. Hala ere, harritu nau. Kanariak hondartzekin lotu ditut beti, baina ohartu naiz hori baino askoz gehiago ere badela. Menditsua da; ederra! Bidezidorretatik korrika egin genuen, harri solte asko zituen eta batez ere jaitsierak teknikoak ziren. Nahiz eta euria egin zuen, ibilbidea ez zen lokaztu. Landaredia ere badu, eta nahiko berde zegoen.
Esaten da Transgrancanaria lasterketa gero eta sona handiagoa hartzen ari dela eta maila handiko parte-hartzaileak dituela.
Hala da. Kanpotar gehien ekartzen duen lasterketa dela diote. Cavalls-ekin batera ingurumari honetako entzutetsuena da. Nabaritzen da babesle potenteak dituela ere; lasterketa horrek jarraipen handia dauka.
Eta parte-hartzaileen aldetik ere oso maila txukuna zegoen. Bigarrena Europako txapelduna da; hirugarrena, faboritoa, UTB-n bosgarren izan da; portugesak ere fin ibiltzen dira... Lasai asko esan daiteke, mutilen kategorian bederen, maila handia zegoela. Nesketan, ordea, ez hainbestekoa.