GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

patagonia Saioak

«Maestri» bideak mugak jartzen dizkie oraindik ere jasotzen dituen saio garbiei

Cerro Torreko hego-ekialdeko ertza edo «Maestri» bidea ez da oraindik ere era garbian igo. Aurtengo denboraldian egin diren saioetatik garrantzitsuena Chris Geisler eta Jason Kruk kanadarrena izan da.

p043_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Aurreko kroniketan aipatu dugu Patagoniako udako denboraldian makina bat jarduera interesgarri izan direla: bide berriak zabaldu dira, beste marra batzuk askatu edo era librean igo dira, kateatzeak ere sinatu dituzte...

Baina oraindik ere bada biribiltzea lortu ez den erronka handi bat; hots, Cerro Torreko hego-ekialdeko ertza edo «Maestri» bidea era garbian igotzea. Duela 4 urte, orrialdeotan orain arte egin den saio onenaren berri eman genizuen. Ermano Salvaterrak 1999. urtean zabaldutako aldaera garrantzitsu bati, aipatutako sokada estatubatuarrak beste bat gehitu zion. Eta nolabait esateko, bi eskalatzaileok izan dira langa jarri zutenak.

Aurten, berriz, mugimendua izan da bide horretan. David Lamak eta bere taldeak iaz sortutako polemikaz aparte (makina bat parabolt jarri zituzten), azken asteotan saio batzuk egon dira; baina, aurreratu dugun legez, erronka horren historia ez da oraindik ere itxi.

Goi mailako espezialista batzuk buru-belarri saiatu dira; besteak beste, Colin Haley, Rolando Garibotti, Zack Smith, Jason Kruk, Chris Geisler...

Kanadarrak, bikain

Eta horien inguruan hitz bi egingo ditugu. Haleyk, adibidez, GARAri adierazi dio bi saio egin dituela, baina ez direla aipatzeko modukoak izan: «Lehena Zack Smithekin egin nuen eta bigarrena Rolando Garibotti eta Doerte Pietronekin. Ez genuen ezer berririk egin. Eguraldiak behartu gintuen atzera egitera, ez zailtasunek».

Aurtengo denboraldian ere Lama egon, egon da. Bere estilo kaskarraren polemika zer edo zer baretu ondoren, Peter Ortner kidearekin saio bat baino, goiko murruan aldaera bat bilatu omen du: «Murru hori gainditzea lortu dugu. Cerroko lepotik abiatu ginen, eta gailurrera iristea lortu genuen zailtasun tekniko handiak gainditu ostean. Uste dugu murru horretako zailtasun handiena 7c-koa dela».

Saio ederrena, berriz, Geisler eta Kruk kanadarrek sinatu zuten. Sokada kanadarra goiko murrutik 40 metrora geratu zen; hala ere, antza denez, zailtasun tekniko handienak zati horretan daude. «Haley eta Smith rapelatzen ari zirenean gurutzatu ginen. Adierazi zigutenez, hotz eta haize handia zegoelako erabaki zuten jaistea. Guk, aldiz, jarraitu egin genuen. Gaua `Salvaterra' aldaeraren zeharkaldiaren ondoan egin genuen. Hotz egiten zuen, baina aurreko bi gauetan askoz ere gehiago sufritu genuen», dio Krukek.

Biharamunean eskalatzen jarraitu zuten. «Salvaterra» aldaeraz gain, Wharton eta Smithek irekitakoa ere eskalatu zuten. Baina goiko murrutik 40 metrora zirela, atzera egin zuten: «Gauak harrapatu egin gintuen, eta irtengunerik ez genuen aurkitu. Luze bat gainditzeko, Chrisek 8 ordu eman zituen. Gainera, ekaitz bat gainean genuen eta jaitsiera oso arriskutsua bilakatu zen. Haizete gogorrak zeuden».

kanadarrak

Chris Geisler eta Jason Kruk goiko murrutik40 metrora geratu dira. «Maestri» bideak aurtengoan jaso dituen saio garbien artean garrantzitsuena izan da kanadarrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo