GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Boterearen eskutik datorrena

Indarkeria mundua bezain zaharra dela ez dago zalantzarik, Historiaren ezaugarri finkoetariko bat den heinean. Arrazoiak ugari eta bakarra: botere-nahia, menderatzeko grina, garailearen harrokeria. Sekula desagertuko ez den sen madarikatua.

Hortaz, denetariko adibideak jar litezke indarkeriaz hitz egiteko; ekar genitzake kasu isolatuak, edo une historiko gogoangarriak, gerrak, gatazka odoltsuak, gutxi gorabehera denok ezagutzen ditugunak, alegia, liburuetan aurki ditzakegunak. Izan ere, indarkeria nork, nola eta zertarako erabili den, erabiltzen den egun, luzarora jakin ohi den informazioa izaten da, osagabea, edo faltsua, gainera. Hau da, unean-unean ezkutatu egiten da, ukatu. Are gehiago, bortizkeriaren erabilera herritarrak berak ez eta gobernatzen dutenek burutu edo babesten dutenean. Betiere hedabideen konplizitatearekin, egungo gizartearen kontrolerako funtsezko osagaia.

Eta modu horretan, uste orokorra da, esaterako, sexu-indarkeria banakoek baino ez dutela egikaritzen, erokeriak, sexu-grinak, amorruak, alkoholak edo dena delakoak bultzatuta, arrazoi emozionalek piztuta, betiere, eremu pribatuaren baitan. Horrela ikusarazten baitzaigu prentsan eta telebistan. Ez digute bestelakorik agertzen, bestelako esparruetan gertatu eta sistematikoki erabiltzen dena, emozioekin zerikusirik ez duena. Salatuta ere berehala, ikerketarik barik, artxibatu egiten dena. Gertatu gertatzen da, baina kasu zehatz bakoitzaren inguruko gutxi batzuek izan ezik, herritarrok ez dugu horren berri izaten, ez gaitezen ohartu, ez dezagun pentsatu horren guztiaren atzean errealitate jakin hori dagoenik. Indarkeria ero gutxi batzuen kontua besterik ez delako ustean lasai bizitzen jarrai dezagun, tortura aspaldiko praktika desagertutzat jo dezagun, eta torturarekin batera, botereak lortu nahi duena lortzeko erabilitako emakumeen kontrako sexu-indarkeria, sistematikoa bera.

Sistematikoa baita herrialde honetan, adibidez, atxilotu eta torturaturiko emakumeen ia % 100ek sexu-mehatxuak, ukitzeak eta bestelakoak salatzea, eta azken atxilotuen arteko Beatriz Etxebarriaren kasuan bezala, baita bortxaketak ere. Non irakur dezakegu halakorik, zenbateko oihartzuna ematen zaie hedabideetan, zein balio pertsona hauen hitzari, zer-nolako onarpena epaitegietan? Hala egiteak herri honetan torturatu egiten dela onartzea lekarke, sistema kolokan jarrita. Sexu-indarkeria arma gisa erabiltzea ez dela herrialde urrun, pobre eta desantolatuetako botere polizialaren kontua baino ez, baizik eta baita estatu ordenatu eta demokratikoetako ohiko praktika ere.

Hipokresiaren gailurra da, eta adierazgarri bezain kezkagarria, emakumeen kontrako indarkeriarekin bukatu behar dela esanez aho bete dabiltzan botere publiko horiek izatea, hain zuzen, beren baitako egoitzetan praktika dadin ahalbidetzen dutenak. Eta horren aurrean hedabideek ezkutatzeko lana baino ez egitea. Interesak interesak direlako, eta emakumeen kontrako indarkeria, tortura oro bezala, indarrean dirauen arma erabilgarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo