«Iria Flavia» Bermeoko atunontzia Indiako Ozeanoan hondoratu da
«Iria Flavia» Bermeoko atunontzia Indiako Ozeanoan hondoratu zen atzo, Komore uharteen inguruan, itsasontzian zulo bat ireki ondoren. Tripulazioa onik atera da, armadore beraren «Ortube Berria» ontziak laguntza deiak jaso eta arrantzale denak erreskatatu baitzituen.
GARA
«Iria Flavia», Indiako Ozeanoan ziharduen atun flotako itsasontzi laguntzailea hondoratu egin zen atzo Komore uharteen inguruan, Madagaskarreko iparraldean.
Istripuaren ondorioz ez da biktimarik izan eta arrantzale guztiak onik erreskatatu dituzte. «Iria Flavia» Bermeoko Albacora atun-enpresako itsasontzia da. Armadore horren iturriek Efe agentziari azaldu diotenez, 03.30ean hondoratu zen ontzia (06.30ak Euskal Herrian), makina aretoko kroskoan zulo bat ireki ondoren. Tripulazioa ura ateratzen saiatu bazen ere, azkenean itsasontzia bete egin zen eta arrantzaleek alde egin beharra izan zuten.
Enpresa bereko «Ortube Berria» atunontzia 15 miliatara zegoen, eta, «Iria Flavia» ontziko arrantzaleen deiak jaso ostean, laguntzera bertaratu zen. Hain zuzen ere, 90 minutu inguru behar izan zituen «Ortube Berria» ontziak «Iria Flavia» zegoen lekuraino heltzeko, eta, ordurako, hondoratutako itsasontziko arrantzale guztiak salbamendu txalupetan zeuden. Denak ondo daude eta Madagaskarreko Diego Suarez portura eramango dituzte, ondoren Euskal Herrira itzultzeko, Albacorako eledunak azaldu duenez. «Iria Flavia» ontziak Seychelleetako banderapean egiten du lan eta tripulazioko 11 lagunetik bost euskaldunak dira eta sei afrikarrak.
1965ean eraikitako ontzia
Hondoratutako itsasontzia 1965ean eraiki zuten, 27,75 metroko luzera du eta 262 tonako zama eraman dezake. 2009ko urrian, «Alakrana» atunontzia Somalian bahituta zegoen bitartean, piratek «Iria Flavia» ere eraso zuten Somaliatik 2.000 kilometrotara eta Seychelleetatik 800 miliatara zegoen arren, ustez «lasaia» zen inguru batean. Hala ere, ihes egitea lortu zuen piratek beraien ontzian arazok izan zituztelako.
Tripulazioa itsasontzitik ura ateratzen saiatu zen, baina zulo handiegia zuen kroskoan. «Ortube Berria» ontziak laguntza deiak jaso eta arrantzaleak erreskatatu ahal izan zituen.