GARA > Idatzia > Kultura

Zubereraz eginiko lehen film luzea abiatu du Hebendik elkarteak

Peio Cachenaut izanen da «Xaro» izeneko pelikularen zuzendaria. Berarekin batera, Uztaro eta Aldudarrak bideo elkarteetako kideak arituko dira, baita Mixel Etxekopar musikaria ere. «Xaro» uztailean grabatuko dute, hogei egunez. Pelikula egiteko harpidetza kanpaina abiatu dute, 45.000 euroko aurrekontua bete ahal izateko.

p048_f01_199x120.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Xaro» da Hebendik elkartearen baitan sortu den pelikula egitasmoaren izenburua. Zuberotarrek, zubereraz eta Zuberoan, halaxe gauzatuko da proiektua. Filmatze lanak datorren udan hasiko ditu Peio Cachenaut zuzendariaren inguruan bildutako lantaldeak.

Hebendik elkartean zinezale talde bat elkartu da, Xiberoa Zinez izeneko proiektuaren baitan film luze bat egiteko asmoz. «Orain arte elkarteak eraman dituen proiektuen ildotik, aurrekontuan txikia baina asmoetan handia izanen da egitasmoa», adierazi du zuzendariak.

Cachenautek Hebendikek bideratutako hainbat proiektutan parte hartu du. Zinezalea izanki, irratian zineari buruzko emankizunak egiten ditu. «Ez nuen esperientziarik; beraz, zineaz ezagutzen nuenean oinarritu naiz pelikularen historia idazteko. Ez da erraza izan», aitortu du.

Bi urte eman ditu Cachenautek «Xaro» fikziozko lana idazten. X izeneko zuberotar gazte baten historia kontatuko du pelikulak. Eguneroko bizitzaz asperturik, idazteko zaletasuna pizten zaio, eta, hori dela eta, ermitau bezala mendian bizi den osaba idazle batekin harremanak berpiztuko ditu.

Pelikula, irudiaren aldetik, nahiko klasikoa izango dela azaldu du zuzendariak. «Egunerokotasun kroniketan pentsa genezake lana irudikatzerakoan, baina lanak ukitu fantastikoa ere badu nolabait», jarraitu du.

Filmatze lanak, 20 egunetan

Filma idazterakoan, ez du Cachenautek baitezpada zinea oinarritzat hartu. «Ezingo nituzke nik gustukoak ditudan zinegileak antzeratu. Beraz, komikian oinarritu naiz pelikula egiteko. Ildoak pentsaraz dezake Grant Morissonen komikietan», argitu du.

Filmaren bidez, fikzioari buruzko hausnarketa bat landu nahi izan duela aitortu du Cachenautek. Filmaren grabaketari dagokionez, lantalde teknikoa eta pelikulan arituko diren aktore nagusi zenbait aukeratuta dituzte jada, eta uztailean hogei egunez arituko dira filmatze lanak aurrera eramaten. X gaztea Jef Goienexpe izanen da, eta, osaba, berriz, Ttittika Rekalt. Horiekin batera, beste lau aktore nagusi ere bilatzen dabiltza. Horrez gain, 100 figurante inguru ere izanen dituzte.

Teknikariei dagokionez, Aldudarrak bideo elkartea, Uztaro tailerra, Mixel Etxekopar musikaria eta Pierre Vissler teknikaria ari dira egitasmoan parte hartzen. Joan den astean pelikularen story board-a egiten aritu zirela eta bi grabaketa gune nagusi aukeratu dituztela aurreratu du zuzendariak: Maule eta Larraine gainean dagoen Pixta izeneko gunea.

Pelikula gauzatu ahal izateko 45.000 euroko aurrekontua finkatu dutela-eta, dirua biltzeko harpidetza kanpaina abiatu du Xiberoa Zinez taldeak. Xehetasunak http://hebentik.wifeo.com atarian aurki daitezke. «Produktore batekin harremanetan jarri gara, eta, horrez gain, abiatu dugun diru bilketa kanpaina ere nahiko ongi doa», nabarmendu du Cachenautek.

Herrikoia

Amateur talde batek abiatu du Xiberoa Zinez egitasmoa. Pelikularen filmatze lanak eta muntaketa bukatu bezain laster, filma Zuberoako herrietan proiektatzeko asmoa daukate.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo