Snapper Rocks: 2011ko WCT zirkuitua abian da
WCT zirkuituko lehen proba Australiako Snapper eskuin olatu famatuan egin da. Kelly Slater eta Carissa Moore izan dira irabazleak.
Haritz Larrañaga Altuna
Hasi da 2011ko WCT zirkuitua. Lehian dira goi mailako kategoriara igotzea edo bertan mantentzea lortu duten surflariak. Australian eman diote hasiera, urtero bezala, Snapperreko eskuin olatu paregabean. Olatu hau ez da maiz lehertzen, Australiako ekialdeko kostaldean itsasaldiak urriagoak izaten baitira, eta, olatu onak dituzten leku gehienetan gertatzen den bezala, baldintza jakin batzuk beharrezkoak baitira olatuak behar bezala funtzionatzeko.
Gold Coast
Australiako ekialdean dagoen eremu labur batean sekulako olatuak daude; Burleight Heads, Currumbin eta Snapper Rocks dira ezagunenak. Hirurak oso antzeko ezaugarriak dituzte; ibai aho baten ondoan sortzen diren olatuak dira, hasieran arroketatik oso gertu altxatzen da olatua, baina, aurrera egin ahala, hondar gainean lehertzen hasten da. Ur gutxiko olatua da, tuboa sortzen duena eta eskuin beso luzekoa. Ñabardura txikiak salbu, hiru lekuek berezitasun berberak dituzte.
Hondoan harea izanik, olatuak sasoi hobeak edo txarragoak izan ditzake, harea mugitzearekin hondoak ere aldatu egiten baitira. Garai batean, esaterako, Kirra zen ezagunena; alegia, egun Snapperreko olatu bukaera aldera altxatzen den olatua. Arrazoia sinplea da: hondoko hareak mugitu egin dira eta egun olatua beste leku batean lehertzen da.
Ibai ahoen ondoan sortutako olatuak izateak ere badu bere arrazoia; Mundakan bezala, ibaiak harea albo batera pilatzen du eta pilatutako harea multzo hori da olatua lehertzeko modua zehazten duena.
Australia bezalako lekuetan, ordea, ibai ahoetan sortzen diren olatuek badute arrisku bat; marrazoak, alegia. Snapperren zehazki ez da inoiz marrazo erasorik izan, baina ibai ahoetan arrain ugari izaten da eta arraina den lekuan marrazoak ere izaten dira. Egun euritsuen ostean marrazo zuriak ikusi izan dira Gold Coasteko ibai ahoetan, baina ez da aparteko arazorik izan.
Gurean arraro egiten zaigu itsaskien norabideek duten garrantziaz hitz egitea, soilik ipar-mendebaldeko itsaskiak sar baitaitezke Kantauri itsasoan. Snapper bezalako lekuetan, ordea, itsaskien norabidearen arabera olatuak forma bat edo bestea izaten du.
Zehazki Snapperren kasuan honako baldintzak dira egokienak: hego-ekialdeko itsaskia, hego-mendebaldeko haizea, marea erdian eta bi metroko olatuak (itsaski handiegia bada olatua ez da leku egokian lehertzen). Urte sasoi onena uda da (negua Euskal Herrian), otsaila eta apirila artean.
Olatuak diren egunetan ia ezinezkoa izaten da olatu bat hartzea Gold Coasten, jendez gainezka izaten baita, baina lehiakideak buruz buru lehiatzen dira; beraz, gauez ere jendea surf egiten izaten den leku miresgarrian, bakarrik egoteko pribilegioa dute.
Hainbeste jende biltzen den lekuetan arazoak izaten dira, ordea, eta horixe gertatu da otsailean Burleight Headsen egin duten lau izarreko txapelketan. Burleight Heads, Snapperetik oso gertu dagoen beste olatu bikain bat da, eta bertan egiten den txapelketak arrakasta handia dauka. Izan ere, olatu onak izaten diren garaian egiten da txapelketa hau ere, eta, gainera, munduko surflari famatuenetako askok hartzen du parte, denboraldiari hasiera emango dion lehen txapelketarako prestaketa moduan.
Ukalbikadak
Aurtengoan, zeresana eman du Burleight Headeseko txapelketak. Telebistako berriemaileek behin eta berriz erakutsi dituzte lehiaketako irudiak, baina ez txapelketaren berri emateko, Suny Garciak bertako surflari bat nola egurtzen zuen erakusteko baizik.
Dirudienez, Suny Garciaren 16 urteko semeak arazoren bat izan zuen bertako surflari batekin eta eztabaidan hasi ziren. Jeremy Flores Reunion uharteko surflari profesionala inguratu zen gaztea defendatzera eta eztabaidaren tonuak gora egin zuen.
Jeremyk aurtengoa bosgarren urtea du goi mailan, WCT zirkuituan, eta Garciatarren laguna da, haien etxean izaten baita Hawaiiko denboraldiak irauten duen artean. Azken Pipeline master txapelketa, alegia, 2010 zirkuituko azken proba, berak irabazi zuen, eta orduan ere Garciatarren etxean zen.
Jeremy eztabaidan ari zen artean, telebista kamerak urrunetik grabatzen ari ziren, surflariak konturatu ez arren; halako batean, Suny Garcia bera azaldu zen. Sunyk ez zuen inolako hitzik egin; zuzenean bere semearekin eztabaida izan zuen surflariarengana gerturatu eta sekulako kolpe sorta eman zion, gero burua urpean sartu eta han eduki zuen, pixka bat lasaitu zen arte.
ASPko zuzendaritzak bi surflariak zigortu ditu, eta, beraz, ezin izango dute hurrengo lehiaketetan parte hartu. Horregatik, ez dugu ikusi Jeremy Flores Snapperreko txapelketan.
Kelly Slater
WCT zirkuituko lehen txapelketa honetan Kelly Slater izan da irabazlea. Zirkuituari hasiera ematen dion lehen txapelketa hau irabazi duen guztietan, munduko titulua irabazten amaitu du; beraz, lehiakide guztiak izutu ditu. Iaz hamargarren aldiz irabazi zuen munduko titulua, eta azken titulu horren ostean lehiaketa uztekotan ote zen esan zuten zenbait komunikabidek. Aldiz, aurten ere irabazteko asmotan datorrela erakutsi du Floridakoak.
«Ongi pasa dut», esan zuen Kellyk uretatik atera ostean; «nahiko erraza da, Snaperren itsasoratu eta zeuretzat surf egitea da egin beharreko bakarra. Jarrera hori txapelketan emaitza on bat lortzeko modu egokia da».
Bigarren postua australiar batek eskuratu du, Taj Burrow beteranoak hain zuzen ere. Burrow gogotsu zen lehen txapelketa honetarako, lehen aipatutako Burleight Headseko txapelketa berak irabazi baitzuen eta horrek indarrak eman baitizkio denboraldi berriari hasiera ona emateko.
«Txapelketa honetan ez ditu puntuaketa altuenak jaso Kellyk, baina txanda bakoitza gainditzeko gutxieneko puntuaketa lortu du, eta, azkenean, irabazi egin du. Gauza bera 45 bider egin du dagoeneko», zioen Burrow berak, txapela hain gertu izan eta galdu ostean.
Carissa Moore
Nesken kasuan, lehia oso gogorra izan da. Finalean izan ziren bi lehiakideak tourreko bi kide gazteenak dira; 16 urte besterik ez dituzte eta indartsu aritu ziren. Finalean bertan interferentzia bat eta guzti ikusi ahal izan genuen. Carissa Moore hawaiiarra tubo bat egiten ari zela Tyler Wright australiarrak olatua lapurtu zion eta hori interferentzia garbia da. Hutsegite galanta izan zen, modu horretan zuzenean txapela Carissaren buruan jarri baitzuen.
Azken lau urteotan titulu mundiala eskuratu duen Stephanie Gilmore australiarrak ez zuen jendeak espero zuen emaitza lortu, final-laurdenetan kanporatu baitzuten.
Pauline Ado hendaiarra goi mailan dago aurtengoan eta lehen txapelketa honetan ongi aritu da, final-laurdenetara iritsi baita. Sailkapen orokorrean 9. postua lortu du; postu ona da, batik bat nesken zirkuitua hamazortzi lehiakideek osatzen dutela kontuan hartuta.
WCTko hurrengo txapelketa, bai neskena bai mutilena, apirileko azken astean egingo da, Australiako hegoaldean aurkitzen den Bells Beacheko eskuin olatu famatuan. Bertan ikusi ahal izango dugu aurtengo zirkuituak zein norabide hartzen duen.
Hondoan harea duen eskuin olatu bikain bat, edozein ariketa burutzeko aukera eskaintzen duena. Otsaila eta apirila bitartean izaten dira olatu onenak, baina jende pilaketa ikaragarria izaten da eta olatu bat hartzea ia ezinezkoa bihurtzen da.
Jeremy Flores eta Suny Garcia zigortu egin dituzte Burleight Headsen izandako liskar baten ondorioz. Sunyren semeak eztabaida bat izan zuen surflari batekin, Jeremy laguntzera joan zen, eta, Suny agertzean, kameren aurrean egurtu zuen semearekin liskarra izan zuen surflaria.