GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Galderak, gailuak...

Surflari ernegatua

Hasi da beraz ikuskizuna eta aurtengo zirkuitua osatuko duten hamaika probetako lehena egin da, bai nesken bai mutilen kasuan. Abiada bizian hasi da, izan ere, lehiakideei olatuan doazenean hartzen duten abiada neurtzeko gailu bat eramateko gonbitea luzatu zitzaien Snapperren.

Gailua eramatea borondatezkoa zen, ez zen derrigorrezkoa, baina gailu honen arabera abiada gehien lortzen zuen parte hartzaileari saria ematekoak ziren. Gailua 100 gramoko xafla txiki bat da, lehiakidearen likran itsasten da eta ez omen du eragozpenik sortzen.

Mutiletan Gave Kling estatubatuarra izan zen azkarrena; ia 42 kilometro orduko abiadura lortu zuen. Nesketan, Carissa Moorek, txapelketaren irabazleak, hartu zuen abiadura handiena. Biek jaso zuten surflari azkarrenari eskainitako 2.500 dolarreko diru saria.

Gurean ere teknologia berriak aurkeztu beri dizkigute azken asteotan. Iaz LED argidun taulak aurkeztu zituen Pukas markak. Taula horiek gauez surf egiteko argi bereziak dituzte.

Otsailean, berriz, Tecnaliarekin batera, beste produktu bat aurkeztu dute. Sentsore bidez taularen mugimendu guztiak jasotzen ditu gailuak eta datuak ordenagailu batera igortzen ditu. Helburua, surflariaren sentsazioak bildu eta datu moduan biltzea omen da.

Surflarien abiadura neurtzen duten gailuak, gauez argia egiten duten taulak, taularen mugimendu guztiak ordenagailuan gordetzen dituen gailua eta abar. Batzuek, oso gutxik, gauza horiek zertarako balio ote duten galdetzen dute, baina galderak egiten dituztenak bakan batzuk baino ez dira, beti bezala.

Guk geuk 7 urte eta milaka telebista ordu genituenean, txirrindularien bira errepide nagusitik igarotzekoa zela eta binakako ilaran eraman gintuen irakasleak minutu erdiko ikuskizun hura ikustera. Semaforora iristean argi berdea izanda ere, bi alboetara begiratu behar zela esan zigun. Galderak egiten dituztenak gutxi izan arren, oso gutxi, gure ikasgelan bazen bat, bakarra, eta honela galdegin zion irakasleari: «Zergatik begiratu bi aldeetara semaforoa berdean badago?». Gainontzeko ikaskideek zeharka begiratu genuen, modu txarrean. Orduan irakasleak kontatu zigun behin semaforoa berdean zela ikasle bat auto batek nola harrapatu zuen, eta, orduan, arrapaladan etorri ziren galderak; «zein markakoa zen autoa?», «aire girotua bazuen?», «zein zilindrada zuen?» eta abar.

Bai, gaur alferrikako gailuak aurkezten dizkiguten horiek ere, haurrak izan dira noizbait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo