Harri-jasotzea Marka saiakera
Idoia Etxeberria marka guztiak apurtzen ari da
Oriotarrak 140 kilokoari bi jasoaldi eman dizkio, eta emakume batek plazan inoiz egin gabekoa egin du.
Jon LEUNDA
Idoia Etxeberriak marka guztiak apurtzen jarraitzen du. 18 urteko neska gazte honek 140 kiloko harri errektangularrari bi jasoaldi eman zizkion herenegun arratsaldean Orion, eta emakumezko batek plazan inoiz jaso duen harririk handiena jaso zuen.
Aurreko marka ere berak zeukan, pasa den irailaren amaieran jaso baitzuen Iruran 138 kiloko errektangularrra; orduko hartan, bost minututan bost jasoaldi eman zizkion. Egiten ari den markak ikusita, eta, ongi dela, egin ditzakeenak kontuan hartuta, argi dago emakumezkoen harri-jasotzean ikaragarrizko markak eginda utz ditzakeela oriotarrak.
Sekulako jendetza batu zen Orioko Ikastolako plazan beren herritarra ikusteko asmoarekin. Etxeberriak urduri ekin zion lanari, baina berehala eman zion lehen jasoaldia harriari, eta horrekin lasaitu ere egin zen, helburua, eta marka, beteta baitzuen. Atsedentxo bat hartu eta bigarren jasoaldia eman zuen; hortxe amaitu zuen bere jarduna harri-jasotzaile gazteak.
Amaieran pozez gainezka zegoen Etxeberria. «Helburua marka egitea zen, eta oso gustura nago. Bi jasoaldi egiteko itxaropenarekin etorri gara, betiere lehenengoa ongi ateratzen baldin bazen. Behin hori lortuta, bigarrengoaren bila joan gara, eta hori ere lortu dugu», esan zuen. Bera bezalaxe, Pello Saizar entrenatzailea ere oso gustura zegoen. «Gauzak oso ongi atera dira. Hasi aurretik oso urduri zegoen, baina nerbio horiek indartzeko balio izan diote, oso hazita atera baita plazara. Lehen jasoaldia oso ona eman dio, erraz, eta marka lortu du. Guk uste baino hobeto aritu da, gainera», esan zuen Saizarrek.
«Lehen jasoaldia ongi emanez gero, laugarren minutura bitarte itxaron eta orduan bigarrena egiteko asmoarekin etorri gara. Hori zen lehen asmoa. Bestela, lehenengoa huts eginez gero, bigarrena azkarrago egiteko asmoa genuen, baina dena nahi bezala joan da», erantsi zuen Saizarrek.
Hala ere, bigarren jasoaldia egiteko ez zituen lau minutu itxaron. «Lehenengoa oso azkar eta ongi eman dio, eta horrek indarra eman dio. Behin hiru minutura gerturatzen ari ginela ikusten genuen berak nahiago zuela harriari heltzea geldirik egotea baino, eta aurrera egin du, eta bigarrena ere erraz egin du», esan zuen.
Hemendik aurrera ez dute, oraingoz behintzat, beste markarik egiteko asmorik: «Oraingoz lasaitu beharra dugu. Berak gorputza egiten jarraitu behar du, entrenatzen jarraituz eta harriak jasotzen gozatuz. Oraingoz behintzat ez daukagu beste ahaleginik egiteko asmorik», azaldu zuen Pello Saizar entrenatzaileak.