Ezkurra I.a eta Lanbert izan dira bigarren fasean sartzen azkenak
J.L.
Ezkurra I.a eta Lanbert izan dira Berezkoen Binakako Txapelketako bigarren fasean sartzen azkenak. Bukaerako jardunaldia ezuste batekin hasi zen; Larretxeak, eskuetako minak jota, uko egin zion jokatzeari, eta Intxauspek eta Jannotsek jokatu gabe irabazi zuten. Ondorioz, ligaxkako lehenengo bezala sailkatu dira.
Bigarren faseko bikoak gaur emango dira ezagutzera, eta, bertan, lehen fasean sailkatu direnak ez dira elkarrekin arituko. Hasiera batean, bi aurrelari eta atzelari bat sailkatu behar ziren. Ostegunean, ordea, Ozafrainek min hartu zuen, eta ez du parte hartuko, eta horrek beste atzelari bati ere bidea zabaltzen zion; hain zuzen ere, atzo jokatu zen partida bakarreko irabazleek zuten aukera hori, eta horiek Ezkurra eta Lanbert izan ziren, 40 eta 28 Agirreri eta Bonebeltxeri irabazita.
63 minutu iraun zituen partida ez zen handia izan. Galtzaileak agintzen hasi ziren, baina 15-15 berdindu ostean, Ezkurra I.ak eta Lanbertek aurre hartu zuten, eta partida erraz eraman zuten. Saketik bost kintze egin zituen Ezkurrak, eta, Lanbertek, zortzi. Gaur eguerdian emango da ezagutzera bigarren faseko bikoen zerrenda eta egutegia.