Jon Barberena eta Manex Agirre Nafarroa eta Arabako finalean izango dira, hurrenez hurren
Nafarroa eta Arabako bertsolari txapelketen lehenengo finalaurrekoak jokatu dira asteburuan. Larunbatean, Beran, Jon Barberena gailendu zen. Atzo, Zigoitian, berriz, Manex Agirre.
GARA | BILBO
Martxan dira Araba eta Nafarroako bertsolari txapelketetako finalaurrekoak eta herrialde bakoitzak dagoeneko badu finalista bat ziurtatuta. Jon Barberena Iruñean izango da apirilaren 9an eta Manex Agirre, berriz, Gasteizen, apirilaren 2an.
Zigoitiko kultur zentroa bertsozalez bete zen atzo arabarren saioa entzuteko. Ainhoa Comasek, finalerdietako ordezkoak, Andere Arriolabengoaren lekua bete zuen azkeneko momentuan ezin izan zuelako parte hartu. Bertsolariek urduri hasi zuten saioa, baina lasaitu ahala saioa berotzen joan zen. Urduritasunak urduritasun, honakoa izan zen Xabier Ormaetxea, Jose Ramon Arbe, Iker Elexpuru eta Ekaitz Elorriagak osatutako epaimahaiaren epaia: Manex Agirre (354,5 puntu), Oihane Perea (348,5), Felipe Zelaieta (294,5), Serapio Lopez (291), Ainhoa Comas (283) eta Irati Anda (278).
Asteburu honetan, larunbatean Aramaion eta igandean Agurainen, jokatuko dira gainerako bi finalaurrekoak.
Beran, estu
Larunbateko saioan, berriz oso estu aritu ziren Beran Nafarroako bertsolari txapelketako lehen finalaurreko lehenengo hiru sailkatuak. Jon Barberenak 398 puntu bildu zituen, eta, ondorioz, Iruñeko finalean izango da. Bere atzetik sailkatu ziren, oso hurbil, Eneko Lazkoz (396,5 puntu) eta Oskar Estanga (390,5 puntu). Ondotik, berriz, Jon Elizetxe (377), Saioa Alkaiza (364) eta Oier Lakuntza (353).
180 lagunek segitu zuten Berako kultur etxeko saioa. Ikusmin handia zegoen finalerako lehen txartela nork eskuratuko zuen ikusteko, bertsolariek ere antzeman zuten presioa eta saioa gorabeheratsua izan zen. Saioa erregularren egin zutenek lortu zuten lehen postuetako saria.
Bigarren finalaurrekoa datorren larunbatean jokatuko da Leitzako zineman. Sei bertsolari izanen dira taula gainean: Estitxu Arozena, Xabier Terreros, Iñigo Oaletxea, Ander Fuentes Itturri, Josu Sanjurjo eta Miel Mari Elosegi Luze.