GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriko 23 herritan ospatuko da Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna

GARA | BILBO

Urtero bezala, apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan eta Euskal Herriko 23 herrik bat egingo dute ospakizunarekin, Galtzagorri elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez.

Hans Christian Andersen-en jaiotzaren urteurrena ospatuz egiten da Haur Liburuaren Eguna eta, aurten, apirilaren 2a larunbata denez, Estatu espainoleko Haur Liburuaren Erakundeak (OEPLIk) estatuko beste haur literaturako elkarteekin batera deialdia luzatu die liburutegi eta irakaskuntza zentroei apirilaren 1ean edo 2an ospakizun hauetarako ekintzak antolatzeko.

Guztira, Euskal Herriko 23 liburutegi eta irakaskuntza zentrok eman diote atxikipena ospakizunari: hamabostek Gipuzkoatik, bostek Bizkaitik eta hiruk Nafarroatik. Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzearekin bat hainbat ekintza antolatu dituzte, eta eguna bakarrik ez, zenbaitek astea ere ospatuko dute.

Atxikipena adierazi duten liburutegi zein eskoletako liburutegi eta irakaskuntza zentroek IBBYren Estoniako atalak prestatutako kartela eta mezua jasoko dute Estatu espainoleko lau hizkuntza ofizialetara itzulita.

Euskal Herrian kontaketak, tailerrak, erakusketak, irakurketak, hitzaldiak, merkatu txikiak edo lehiaketak bezalakoak dira antolatu dituzten ekintzak.

Juri Mildebergek ilustratutako kartela eta Aino Pervik idazleak idatzitako mezua dira aurten Haur Liburuaren Egunaren ospakizunera atxiki direnek jasoko dituztenak. Euskarazko mezua Paul Picadok itzuli du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo