GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Telesforo Monzoni omenaldia

Iraganeko mezuak inoiz baino presente eta beharrezkoago

Hitz egiten duenak, entzungo duen entzulea behar du hitzei zentzua emateko. Telesforo Monzon abertzale bergarar historikoak irakaspen handiak eman zituen politikaren munduan. Bere heriotzaren 30. urteurrenean, entzun ez ezik, hitz haiek ondo gorde eta iraunarazi dituztela ere frogatu zuten herritarrek eskainikako omenaldian. Izan ere, bere irakaspen asko inoiz baino presenteago daude egun Euskal Herrian.

p011_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

«Herrixa maite ziñualako, herrixak maitte zaittu!». Argia eta azalpen askorik behar ez duena atzo arratsaldean Bergaran herritarrek Telesforo Monzoni egindako omenaldi sentituaren goiburua. 30 urte joan dira politikari handiak «Euskal Herriko zeru gainean izar berri bat piztu zuenetik», eta, urteak igarota ere, bere jaioterrian ez dute pertsona gisa erakutsitako kemena eta politikoki igorri zituen ideiak ahazteko asmorik. Haren iturritik edaten jarraitzen dute, ekitaldiaren hastapenean adierazi zutenez, Monzonen «mezuek, ametsek, lekukotasunek, testigantzek inoiz baino gaurkotasun handiagoa baitute; gaur abertzaleon ametsak eskura ditugulako, independentzia inoiz baino gertuago dagoelako».

Abertzale bergararrak emandako irakaspenei heldu nahi izan zien, hain zuzen ere, Agurne Barriuso herriko alkateak. Monzonek grafikoki irudikatu zuen abertzaleen arteko batasun premia Maltzagako bidegurutzearekin, eta hari heldu nahi izan zion bere hizketaldian ezker abertzaleko ordezkariak. «Aspaldi ikusi zuen askatasunerako bidearen zati bat abertzaleok elkarrekin egin beharko genuela, Maltzagako bidegurutzera artekoa bederen», gogorarazi zuen.

Monzon bizirik zela, «Maltzagan bidegurutzea zegoen eta hara iritsitakoan ezker edo eskuin aukeratu behar zen»; egun, ordea, «Maltzagan bada bidegurutzea, baina biribilgune bihurtu da»; eta, Barriusoren hitzetan, errez ikus daitezke badirela biribilgunean bueltaka nondik jo jakin gabe dabiltzanak. «Beste batzuk berriz -nabarmendu zuen-, Bergaratik Maltzagarakoa baino harantzago doan bidea elkarrekin egiteko akordioa sinatu dugu duela gutxi, eta, ez hori bakarrik, bidegurutzean ezkerrera hartzeko konpromisoa sinatu dugu». Hori ikusiz gero Monzon pozik legokeela iritzi zion alkateak, azken denboran abertzaleen arteko elkarlanaren eta indar metatzearen premiak Euskal Herriaren testuinguru politikoan inoiz baino presentzia gehiago hartu baitu.

Ideia horretan sakondu zuen, halaber, Tasio Erkiziak hitza hartu zuenean. Azken denboran ezker abertzaleak batasunaren alde egin duen lana nabarmendu nahi izan zuen bereziki Erkiziak: «Askotan saiatu gara batasun horretan, betidanik oso garbi izan dugu ezker abertzalerik gabe Euskal Herririk ez dagoela; baina, aldi berean, oso garbi izan dugu geuk bakarrik ez dugula Euskal Herria askatuko, herritar askoren inplikazioa behar dugula, elkarlanean aritu behar dugula». Bide horretan, hitzetik ekintzetarako bidea egin dutela aitortu zuen, adibidetzat jarriz EArekin sinatutako «Lortu Arte» testua, «oraindik ere gehiago zabaldu behar duen» Gernikako Akordioa, edota EA eta Alternatibarekin adostutako «Euskal Herria Ezkerretik» hitzarmena. «Beraz, gu martxan gaude independentziaren bidean eta ateak zabalik ditugu, baina inork ez dezala pentsa itxaroten egongo garenik, urratsak ematen jarraitu behar baitugu, herri hau martxan baitago», ohartarazi zuen Erkiziak.

Erkiziak ez zituen alboratu azken denborako errepresio adierazpenak eta gogor salatu zituen atxiloketa eta tortura kasuak, bai eta zenbait alderdiren isiltasuna ere. Bide horretan, dei egin zien EAJko kideei, eta zer egiteko prest dauden galdegin zien, «Estatuaren tresna politikoa den heinean, torturari politikoki erantzun» behar zaiola nabarmentzearekin batera.

«Hemen beharko lukete»

Ekitaldian behin baino gehiagotan aipatu zituzten bi izen: «politikoki Monzonen besoetako» jo zuten Jose Luis Elkoro ezker abertzaleko ordezkariarena eta Aitziber Plazaola bergarar gaztearena, Izpurako itxialdian parte hartu ostean atxilotua eta Paueko Auzitegiak bere kontrako euroaginduaren epaia noiz emango zain espetxean dagoena. Pertsonalki egoterik ez, eta azken horren hitzak gutun bidez jaso zituzten Udal pilotalekuan bildutakoek. Hizketaldi eta hizketaldien artean, dantza ikuskizunez gozatzeko eta kantuan aritzeko aukera izan zuten denek, Monzonek berak egin zituen kantu ezagunak abestuz.

Ekitaldiari amaiera emateko Olaso Dorrea Fundazioari omen egin zioten. Haren izenean Mari Karmen Gallastegik eta Ramon Mendibilek, Barriuso eta Erkiziaren eskutik zazpi zakutxoz osatutako kaxatxoa jaso zuten. Lurra zegoen bertan Euskal Herriko lurralde banatakoa, historian zeresana izan duten lekuetakoa; atzo inoiz baino gehiago aurrera egiteko atzekoen irakaspenak hartzearen garrantzia baitzen mezua.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo