Gobernuaren helburua ez da legea betetzea; aitzitik, Sortu legez kanpo ezartzea baizik
Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak Sorturen erregistroa galarazteko eskaeren aurkako alegazioak aurkeztu zituzten atzo alderdi horren abokatuek Auzitegi Gorenean, legerik zorrotz eta murriztaileenak ere betetzen dituen alderdi politiko berria Gobernu baten jarrera juridikoki absurdu baina politikoki ustez errentagarriari aurre egin beharrean da eta. Izan ere, interes politikotik kanpo ulertezinak dira Francisco Caamaño Justizia ministro espainolak esan zituenak, alegia Sortu ez dela ETA, baina ahaleginak egiten jarrraituko dutela euskal alderdia legezkoa izan ez dadin. Hitz horiek ulergarriago egiten ditu beste hainbatek -are Sortu legez kanpo nahi luketen hedabideetatik ere-, esan dituztenak: Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren eskaerek biltzen dituzten «frogak» ikusita, oso zaila izango dutela epaileek Sortu legez kanpo uztea; horregatik, uste izatekoa da alderdi berriaren abokatuei demanda horien argudioei kontra egiteak ez diela buruhauste handirik eman. Hala ere, Estatuaren botereen helburua ez da arrazoiketa juridiko distiratsua, ezta legea betetzea ere, Sortu legez kanpo ezartzea baizik, Justizia ministroak berak aitortu berri duen bezalaxe.