Ariane Kamio Kazetaria
Jon Juaristiren karnata
Azken asteetako zutabeek izen berbera daramate: Jon Juaristirena. Gaixoaldiari emandako birusa bezala ageri zait letra artean; euskara gora eta euskara behera. Hitz jario errepikakorra, helburu bakarra lortzeko; bere aurka altxatako ahotsak haserrarazi eta amorrazioak jota jartzea.
Gizon trebea dela erakusten ari da Juaristi, eta inozoen pareko geratzen gara gainontzekoak. Arrantzale aparta da. Amua uretara jaurti eta ehunka edo milaka euskaltzalek irensten dugu hark botatako karnata. Txarra da gero bere beitaren zaporea, baina tontoenen pareko irensten dugu zaborrik zakarrena ere. Bejondeiola, beraz, orain arte zakuratutako pieza horiengatik.
Amuaren punta zorrotzak arrantzalea bera zauri dezakeela jakin badaki, ordea, eta arrainaren hortzeriak harrapatzen duen oro barrualdera eramateko botere handia duela, hortz artean hartutakoa behin betiko irensteko ahalmenarekin.
Badirudi azken asteetan arrain ahoan sartutako burua kresalaren haizearen esku utzi duela Juaristik, eta Euskararen Aholku Batzordea uztekotan egon dela -hala aitortu zuen pasa den igandean «Abc»n argitaratutako zutabean- baina, antza, gustagarriago zaio amuak botatzen jarraitu eta hortz-haginez inguratuta bizirautea.
Nabaria da Juaristik barku berean oinak busti gabe diharduen sasi-arrantzale ugari dituela tripulazioan, amua bota eta ontziaren bizkarretik soilik lan egiten duten horietakoak, beti ere, euskararen etorkizuna aitzakia hartuta, eremu guztiekiko askatasuna aldarrikatze aldera.
Gure hizkuntza, bokartak Kantauri itsasoan bezala, zaintza, laguntza eta birsortzeko bultzadaren beharrean dago, eta ez luke arraste-arrantzako sareetara erortzeko arriskuan egon behar. Itsasoa milioika tanta ezberdinek sortzen duten ur masa besterik ez da, olatuen pasaeran bizi den eremu askea. Zertarako, bada, bizidun libreen arrantzuan aritu, bizirauteko inoren beharrik ez badugu? Defenda dezala askatasuna norberak nahi duen bezala, baina ez dadila erasorako tresna izan, ez besteen amorraziorako behintzat. Tamalgarria.