Xanti Begiristain Madotz | Iruñea
Orreaga eta oztopo arkitektonikoak
«Mendixut» aldizkarian, 2010eko maiatzeko alean, irakurri nuen urte bereko apirilaren 16an, Nafarroako Legebiltzarreko Kultur Batzordeko partaideak izan zirela Orreaga herrian. Parlamentariekin batera, besteak beste, honako pertsona hauek ere izan omen ziren bertan: Jesus Idoate, priorea; Luis Etxeberria, alkatea; Leopoldo Gil, arkitektoa; eta Pello Zenotz, idazkaria. Informazioaren bukaera aldean, Jesus Idoate prioreak adierazi zuen premia handiko bi eginbehar zeudela Orreagan, alegia, herri bainuak jartzea eta oztopo arkitektonikoak ezabatzea. Ni guztiz bat heldu naiz balorazio horrekin; izan ere, Orreagan oso zaila dugu ibiltzeko, mugikortasun arazoren bat dugun pertsonok. Gehiago zehaztuz, esan beharra dago honako leku hauek oso kaskarrak direla sartzeko eta ateratzeko, konparaziora, gurpil-aulkian: kolegio-eliza, museoa, liburutegia, kripta, klaustroa (?), aterpetxea (?), ostatua, Itzandegi, Sabina jatetxea eta abar. Ia-ia dena.
Apartamentu berrietan ez naiz izan, baina, hala ere, badakit zerbait egokituta dagoela. Ez dakidana da, egin zitekeen guztia egin ote den. Dena dela, gorago aipatutako eraikin horiek guztiak berriz ere gogoan hartuta, berriro diot arrazoi guztia ematen diodala prioreari, esaten duenean lehenbailehen kendu behar direla oztopo arkitektoniko horiek. Dagoeneko, oso berandu gabiltza: Estatuko LISMI legea 1982koa da eta Nafarroako Foru Erkidegokoa, 1988koa; atera kontua hortik! Gainera, orain baino lehen ere, hamaika aldiz esan dudan bezalaxe, ez gara hitz egiten ari nire gutizia, nahiera edo apeta bati buruz, baizik eta giza eskubideen gainean.
Gogoratzen dut, Iruñeko Udalean zinegotzi aritu nintzenean, 2003 eta 2007 bitartean, saiatu nintzela Orreagako oztopo arkitektonikoak ken zitezen, baina bitxia bezain etsigarria izaten zen han jaso izan ohi nuen erantzuna, alegia, antza denez, denek ezabatu nahi zituzten aipaturiko oztopo arkitektoniko horiek, baina Orreagako priorearekin hitz egiten nuenean, hark esaten zidan Vianako Printzekoek eragozpenak jartzen zituztela, eta azken hauekin mintzatzen nintzenean, ordea, esaten zidaten, Orreagakoek ez zutela borondate onik gai horretan. Laburbilduz, batzuek eta besteek pilotari profesionalak ematen zuten, batak besteari pilota trebetasun handiz pasatzen.
Bukatzeko, eta agian norbaiten lotsarako, bi adibide aipatuko ditut; bata txarra, Nafarroan, hots, Aralarko santutegiarena, eta bestea ona, eredugarria, Arantzazuko gunearena. Ea Arantzazu, Aralar edota Orreagako birjina edo santuren batek laguntzen digun pixka bat! Hala bedi!