Idoia Azkarate | Antzuola
AHTrik ez! Gelditu bortizkeria hori, arren!
Antzuola aldeko mendirantz begiratzen dudanean, ezin dut saihestu, bihotzak buelta ematen dit, egiten ari diren txikizioa ikusita. Nola liteke lehentasunezko inbertsioa izatea abiadura handiko trena? Nola liteke obra honetan hainbeste diru gastatzea, mendia gupidarik gabe apurtzea, gizartea murgilduta dagoen egoera delikatua kontuan hartuta? Eta bideratutako diruaren zenbatekoa desbideratuko da batzuen poltsikora?
Inpotentzia itzela sentitzen dut gupida gabeko sasipolitikoen eskutan gaudela ikustean. Azken finean, beraiei bost axola zaie natura, etorkizuna, gu. Agintetik pasatzen diren urteetan poltsikoak majo beteko dituzte, neurrigabeko soldatak kobratuaz, herriaren izenean.
Kritika dut sistemarentzat, politikarientzat, kapitalismoarentzat... eta baita guretzat ere. Aulki erosoan eseri garen gizartearentzat. Inongo behatzik mugitzen ez dugulako pairatzen ditugun milaka injustiziaren aurrean (salbuespen txalogarri batzuk kenduta). Gezurretako ongizate petatxatuan apoltronatu garelako.
Naturaren bortxaketa etengabe hau gelditu dadila behingoz. Ez ditut obra suntsitzaile gehiago nahi. Moldatu gaitezen daukagunarekin. Madrilera joan nahi duenak, har dezala autobusa. Abiadura handiek ez baikaituzte bide onetik eramango.
Aurrera joateko atzera egin beharko dugulakoan nago, bestela lehertu egingo da hau. Dagoeneko berandu ez ote gabiltzan... Behin eta mila aldiz, AHTrik ez!