Leire Salaberriak jaso du Etxepare Saria, «Euria ari duenean» liburuari darion magiagatik
Haurrentzako kontakizuna idazteagatik eta lana hornitzen duten irudiak egiteagatik eskuratu zuen atzo Leire Salaberriak 2010eko Etxepare Saria. 6.000 euro jasotzeaz gain, lana aurki argitaratuko dio Pamielak.
GARA | DONOSTIA
«Eguneroko gauza txikiei bestelako begirada emateagatik» eskuratu zuen atzo Leire Salaberriak (Andoain, 1983) 2010 Etxepare Saria «Euria ari duenean» lanarekin. Haurrei zuzendutako liburu honengatik egindako aitorpena gainera, bikoitza da, izan ere, Salaberria bera baita testuaren idazlea eta marrazkien egilea. Saritan 6.000 euro jasotzeaz gain, andoaindarrak bere lana aurki liburu-dendetan ikusiko du Pamiela argitaletxeak datozen hilabeteotan argitaratuko baitu.
Jon Zabaleta, Mikel Valverdek, Iñaki Agirrezabalek eta Patxi Zubizarretak osatutako epaimahaiak adierazitakoaren arabera, «artista berri eta berezi baten eskua nabari da, eguneroko gauzei begirada desberdin batekin so egiten diena: euria, aterkia, mendiak, kalea, etxeak...».
Horien aburuz, «gure inguruko ohiko elementuak» izan arren, egileak «halako ukitu magiko bat eman die, ez fantasiaren bitartez, baizik eta errealitatearen beraren poetikotasuna azpimarratuz, formen eta koloreen bitartez».
Bizitza ulertzeko modu bat
«Euria ari duenean» izenburua da, baina baita bizitza irribarrez begiratzeko modu bat ere. «Neskato gazte bat eta bere txakurra dira protagonistak -esan zuen Salaberriak-. Lehenengo pertsonan kontatuko dute nola bizi duten euria, neskatxarentzat egun horiek baitira dibertigarrienak». Hori kontatzeko, poesia baliatu du andoaindarrak. «Donostiako irlan daudela hodeiei euria bota dezatela eskatzen diete, loreak ureztatu daitezen, barraskiloak pozik egon daitezen». Euria, gainera, Euskal Herriari egindako ezkutuko keinu bat da.
Egileak literaturaren eta ilustrazioaren munduan egin duen lehen agerraldia izan da honakoa, eta beraz, biziki poztu zuen sariak. Bilbon Arte Ederretako ikasketak burutu ostean, Bartzelonara abiatu zen ilustrazioaren inguruko jakin-mina asetzera.
Saria eskuetan, bere lana dendetako apalategietan ikustea «izugarria» dela zioen, besteak beste, argitaletxeentzat garai samurra ez dela kontuan hartuta. Atzo Berriozarren eskuratutako Etxepare Saria aukera gisa hartu zuen, eta orain irudigile bezala aurrera egiteko itxaropenaz begiratzen dio etorkizunari.