Abangoardien mamuak
Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Bitxia da azken bolada honetan abangoardiena: leku guztietan daude ikusgai. Ikasi omen da preziatzen Picassoren «aurrerapen piktorikoa», Mondrianen «dotorezia minimalista». Azken urteotan, nahitaezkoa dirudi XX. mende hasierako mugimendu baten erakusketa edozein instituzio handi eta popularren programazioan. Zalantzatan nabil: zenbait lan ikusteko aukerak pozten banau ere, mugimendu susmagarriak nabaritzen ditut proposamen hauen inguruan.
Behin, lankide artean, Duchampen «Iturria» museifikatzeak lanarengan izan zuen eraginaren inguruko eztabaida piztu zen. Batetik, argi dago pixatoki hura, arte munduak legitimatu bitartean, ez zela artelantzat hartua izango; beraz, beharrezkoa zen arte legez arte ebento batean onartua izan zedila. Zentzu horretan, museifikatzea zentzua sortzeko prozesu baten bukaera logikoa da.
Aldi berean, «Iturria»-k sistema hura guztia bera jarri nahi du zalantzan. Hots, eguneroko objektu bat artearen mailara igotzen duen unean, erakundeek mantendu duten balore erregimenari zaplazteko ederra ematen dio Duchampek. Eta logika horri jarraituz, museoak erosi eta alarma piztuko duen laser detektagailu baten atzean erakusten duenean pixatokia, ez al du nolabait kolpea itzultzen?
Sentsazio hori dut abangoardietako zenbait erakusketekin. Ohiturak mantendu eta kanonak ezartzen zituzten instituzioei irri egitea lortu zuten mugimenduok. Eta gaur instituzio horiek beraiek zentzuz husturik ekartzen dizkigute haien praktikak, izaerak eta akzioak ahaztuz, objektu preziatu bihurtuta. Zer dago erakusgai? Abangoardiak, edo hauen mamuen arrastoak?