GARA > Idatzia > Euskal Herria

Akusazio berberak erabili ditu Marlaskak Zulueta berriz auzipetzeko

Arantza Zulueta Grande-Marlaska epailearen aurrean agertu zen atzo, honek bere aurka lehendik auzibidean dauden akusazioak erabiliz beste auzi bat abiatu, eta deklaratzera deitu baitu abokatua. Fiskalak ez zuen bere aurkako neurririk eskatu, eta etxera itzuli zen atzo Zulueta.

p014_f02_312x312.jpg

GARA

Euskal presoen abokatu Arantza Zuluetak Auzitegi Nazional espainolean deklaratu zuen atzo, Fernando Grande-Marlaska epaileak horrela aginduta. Haren abokatu Alfontso Zenonek GARAri azaldutakoaren arabera, Marlaskak Zuluetari egotzi dizkion inputazioak iaz atxilotu eta preso sartu zutenean egindako berberak dira.

«Akusazio berdinak erabiliz Marlaskak auzi berri bat ireki du», kritikatu zuen Zenonek. Alta, auzia bera sekretupean dagoela-eta, ezer gutxi jakin dezaketela argitu zuen.

Amnistiaren aldeko mugimenduak jakitera eman zuenez, Auzitegi Nazional espainolean fiskalak ez zuen Zuluetaren kontrako neurririk eskatu, eta beraz, Grande Marlaskak aske eta haren kontrako inolako neurririk gabe utzi behar izan zuen Zulueta, behin deklarazioa hartutakoan.

Joan den astean jaso zuen abokatu bizkaitarrak hitzordu honen berri, guardia zibilak etxera joan zitzaizkionean. Zergatiaz galdetuta, ez zioten inolako azalpenik eman, auzia sekretupean dagoela argudiatuta.

Abokatuen aurkako kriminalizazioa salatu eta horri buruz eztabaidatzeko jardunaldietan eman zuen Arantza Zuluetak hitzordu honen berri. Bertan bildutako abokatuen babesa jaso zuen Zuluetak; izan ere, jardunaldietan aztergai zuten jazarpen horren beste adibide bat zela ondorioztatu zuten.

Iazko apirilean Guardia Zibilak aurrera eramandako polizia operazio batean atxilotu zuten Arantza Zulueta. Harekin batera, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuak eta euskal presoen hainbat senide izan ziren atxilotuak.

«ETAren mezulari» zirela leporatuta espetxeratu zituzten haietako gehienak, tartean Zulueta bera. Akusazioen artean zeuden, halaber, «ETAko kideen ihesak kudeatzea» eta «erakunde armatuaren iraultza zergaren ordainketetan parte hartzea».

Zuluetak zazpi hilabete eman zituen preso. Joan den abenduan aske geratu zen, 60.000 euroko bermea ordainduta. Preso eman zuen garaian erabat bakartuta eduki zuten, eta hori salatzeko borrokaldi ugari aurrera eraman zituen berak.

sekretupean

Marlaskak auzia sekretupean mantentzen duenez ezin da jakin pertsona gehiago auzi horretan inputaturik ote dagoen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo