Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidean, jaia eta aldarrikapena uztartuko dira Gernikan zapatuan
GARA | GERNIKA
«Euskaraz Bizi Egunarekin, jaia eta aldarrikapena uztartuz zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak». Hitz horiekin azaldu dituzte Euskal Herrian Euskaraz-eko ordezkariek zapatu honetan Gernika-Lumon ospatuko den ekitaldi nazionalaren zergatia eta helburua. Hori dela eta, zapatuan Gernika-Lumora joateko eta prestatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin zieten atzo euskaltzale guztiei.
Etxarri Aranatzen ospatu zen iaz lehenengo Euskaraz Bizi Eguna, eta bigarrena izango da Gernika-Lumoko hau, auzolanean antolatua. Izan ere, eskerrak eman zizkieten atzo Elai Alai dantza taldeari, Iparragirre taldeari, Berbalagun-ekoei edota Seber Altube ikastolari, besteak beste, jai eguna prestatzen laguntzeagatik eta parte hartzeagatik.
Egitaraua 11.00etan abiatuko da eta jai egiteko proposamen ugari dakar; besteak beste, haurrentzako tailerrak, bertso bazkaria, erromeria edota arratsaldean «Sasi guztien gainetik euskaraz bizi» lelopean egingo duten manifestazioa.
«Euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko eguna» izan nahi du egun osoko jaiak, eta horregatik adin guztietara zabaldutako ekitaldiak iragarri dituzte.
Pasealekuaren inguruan izango dira ekitaldi gehienak. Txikienek puzgarriak, tailerrak eta olinpiadak izango dituzte. Erakusketak ere izango dira, eta itsasgarriena izango da horietako bat.
Bestalde, «Izan, egin, eraggin. Euskal Herrian Euskaraz» dokumentalaren emanaldia iragarri dute, euskalgintzaren azokarekin batera, eta musika, dantza eta kale animazioa ere izango dira.
Herri bazkarian parte hartu aurretik, «Euskalduna naiz eta harro nago!» berbalagunek deitutako mendi martxan parte hartu dutenei harrera egingo zaie Gernikako hirigunean.
Behin mahaiaren inguruan jezarrita, 500 lagun biltzea espero dute bertso-bazkarian. Igor Elortza, Onintza Enbeita, Ander Elortegi eta Beñat Ugartetxea gonbidatu dituzte, eta Josu Goiko izango da gai-jartzailea.
Mobilizazioa eta kontzertua
Arrastiko planari dagokionez, manifestazioa nabarmendu dute. Gaur egun ezinezkoa da «euskaraz bizitzea, euskararen herrian», baina «geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egitea, auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin ditzagun», nabarmentzen dute.
«Sasi guztien gainetik euskaraz bizi!» izango da 18.30ean abiatuko den manifestazioaren leloa. Mobilizazioaren ostean ekitaldia izango da, eta iluntzerako kontzertuak iragarri ditzute. Betagarri eta Sarkor taldeek joko dute gauari hasiera emateko, eta gero Joxpa taldeak erromeria eskainiko du, Gernikan bildutakoak dantzan jartzeko.