GARA > Idatzia > Mundua

Atzerriko tropak Bahrainen sartzea «onartezina» dela iritzi dio Iranek

Irango Gobernuak errefusatu egin zuen atzerriko tropak Bahrainen sartu izana, eta jokabide horrek kalteak baino ez dituela ekarri ohartarazi zuen atzo. Horren aurrean, oposizioaren aldarrikapen «baketsu eta zilegiak» aintzat hartzeko eskatu zuen Teheranek.

p022_f02_148x108.jpg

GARA

Persiako Golkoko beste herrialde batzuek, Saudi Arabia buru, Bahrainera tropak bidali izanari «onartezin» iritzi dio Irango Gobernuak, eta gertakari horrek «egoera are gehiago korapilatu» baino ez duela egingo ohartarazi zuen atzo.

Irango Kanpo Arazoetako Ministerioko bozeramaile Ramin Mehmanparastek interbentzio militarra Bahrainen barne arazoetan eskua sartzea dela salatu, eta «bahraindarren eskaera baketsu eta zilegiak» aintzat hartzeko deia egin zuen.

«Atzerriko tropen presentzia onartezina da, eta egoera are gehiago korapilatu eta zailduko du. Ez da bidezkoa beste herrialde batzuetako indarrek, eta bereziki Golkokoek, Bahrainen arazoetan eskua sartzea», esan zuen.

Nabarmendu zuenez, «zilegitasun osoa duten eskaerei indarkeriaz erantzutea ekidin behar da», irtenbidea ez baita iritsiko «halako interbentzio batekin, ez eta errepresioa areagotuta ere».

Astelehenean, Golkoko Kooperazio Kontseiluko indarretako mila soldadu inguru, horietako gehienak saudiarabiarrak, Bahraingo erresuma txikira heldu ziren, monarkia suniari babesa eman eta haren aurka oposizioak -xiitak, gehienbat- eginiko protestak zapuzteko.

Egun, Gobernu xiita duen munduko herrialde bakarra da Irango Errepublika Islamiarra, eta iragan otsailaren erdialdean protestak lehertu zirenetik, babestu egin ditu Barhaingo oposizioaren aldarrikapenak.

Atzo ere, Estatu espainoleko telebista publikoari emandako elkarrizketa batean, Mahmud Ahmadinejad presidente irandarrak atzerritarren esku-sartzea gaitzetsi zuen.

Nazio Batuen Erakundeak ere arduraz begiratu zion herrialde txiki honi, eta tropak sartu beharrean, krisi politikoa elkarrizketa prozesu barneratzaile baten bidez konpontzeko deia egin zuen, atzo plazaratutako ohar batean.

Protestak eta istiluak

Gobernuaren aurka protestan ari direnek sistema parlamentario bat eta askatasun gehiago dituzte aldarri nagusi. Mundu arabiarreko protestaldi uholdeak erresuma txiki hau zipriztindu zuenetik, gutxienez bederatzi lagun zendu dira poliziaren eta manifestarien arteko istiluetan.

Atzo bertan ere izan zen hildakorik. Maamer hirian, Bahraingo ipar-ekialdean, segurtasun indarretako kide bat zendu zen, Informazio Ministerioak azaldutakoaren arabera, hiri hartan bildutako milaka manifestarietako batek autoarekin harrapatuta. Sitran ere bangladeshtar jatorriko manifestari bat hil zen, Poliziaren tiro bat jasota. Horrez gain, 200 lagun zaurituta gertatu ziren atzoko istiluetan.

Istiluak areagotzen ari direla-eta, Bahraingo erregeak salbuespen egoera ezarri zuen herrialdean, gutxienez hiru hilabeterako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo