GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lapurtutako umeen auzian kaltetuek Kongresura jo dute, datuak lortzeko

p021_f01.jpg

GARA | MADRIL

Lapurtutako umeen auzian kaltetutako pertsonek Datuen Babeserako Legediak babesten duen informazioa eskuratzeko ahalmena izatea exijitu zuten atzo Kongresu espainolean.

Frankismo garaitik 1990eko hamarkada bitartean ospitale publiko eta pribatuetatik lapurtutako haurren auzian kaltetutako herritarrek, euren guraso edo seme-alaba biologikoak zeintzuk diren jakin ahal izateko, informazio hori esku artean izatea «ezinbestekoa» dela uste dute, eta eskumen hori galdegin diote Kongresu espainolari.

«Gure bizitzak agiri bidez berreraikitzeko eskubidea dugu eta hori aldarrikatzera gatoz», adierazi zuen Kongresuan Antonio Barroso, Anadir legez kanpoko adopzioengatik kalteak izandako pertsonen elkarteko lehendakariak. Barrosok, gainera, lapurtutako haurren auziak estatu espainol osoan «300.000 kaltetu inguru» eragin dituela adierazi zuen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, garai hartan, 130 ume lapurtu zituztela salatu dute.

Zehazki, txosten medikuak, autopsia txostenak, jaiotze eta heriotza agiriak eta bestelako dokumentuak aztertzeko baimena da afera horretan kaltetutako herritarren elkarteek galdegiten dutena.

Etorkizunean umeen lapurreta gehiago gerta ez dadin neurri gehiago har daitezela ere exijitzen dute. Horien artean, jaioberriak identifikatzeko sistemak indartzea edota umeen izen-ematean parte hartzen duten mediku eta funtzionario guztien gaineko kontrola bermatzea.

Gogor kritikatu zituzten erietxe eta administrazioek datuak eskatzerakoan jartzen dituzten trabak, eta Anadirrek gogoan izan zuen Francisco Caamaño Justizia ministro espainolak esan zuela datuen eskuratzea errazteko «prozedura berri» bat martxan jarriko zutela.

Elkartea lanez «gainezka» dagoela esan, eta laguntza eskatu zuten atzo, komunikabideen aurrean. Bereziki parlamentariei eskatu zieten laguntza Anadirreko kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo