«Irujo une hauetan egiten ari den esfortzua eskertzen jakin beharko genuke»
Aspeko kirol zuzendaria
Azken txapelketa guztietan Aspeko pilotariak erakusten ari diren nagusitasunaren sekretuaren bila jo dugu Jokin Etxanizengana, baina Bergarakoak ez omen dauka edabe magikorik. Lana asko eta ondo egitea zer den besterik ez daki Etxanizek, eta horrexegatik, unerik onenean ez dagoen Juan Martinez de Irujo azken egunotan egiten ari den esfortzua nabarmendu nahi izan du beste ezeren gainetik.
Jon ORMAZABAL
Enpresako pilotarien entrenamendu taktiko bat zuzendu ostean hartu du GARA Aspeko Kirol zuzendariak elkarrizketa honetarako.
Binakakoan berriz ere nagusi zarete, zein da Asperen azkenaldiko emaitza onen sekretua?
Garbi dago beste enpresan ere pilotari oso onak daudela, baina momentu honetan bolada hobea daramagu. Azkenean, nik dakidana da gure pilotariek lan asko eta ona egiten dutela, eta, zorionez, emaitzak etorri dira. Gerta liteke lan bera egin eta emaitzak ez etortzea, baina etortzen ari dira. Beste aldean ere lan asko egingo dutela uste dut, eta, eurentzat zoritxarrez, ez dira emaitza onak lortzen ari.
Edabe magikorik ez dago, beraz?
Ez, ez, ez. Guk berdin jarraitzen dugu urtero, gauzak ondo egiten, horretan gaude, eta azkenean emaitzak etorri dira.
Udan, hala ere, Asegarcek torneo asko atera zituen, baina txapelketa nagusietan zuek ari zarete finaletara heltzen...
Azkenean, gauza desberdinak dira udakoa eta txapelketa. Nahiz eta hura ere gogorra izan, ez da gauza bera. Txapelketa, batez ere aurtengoa, oso gogorra da, partida pilo bat dira eta txapelketa batera ondo heldu behar duzu, bestela nabaritzen da. Udan momentu on bat izatea nahikoa izan daiteke. Gainera jendeak akumulazio bat izaten du, batez ere txapelketa guztietan egon denak, eta askotan nabaritzen zaio udan zehar.
Prestaketa fisikoak ere izango du orduan garrantzirik, ezta?
Kirol guztietan bezala, garrantzitsua da. Uda gogorra eta pertida askokoa da, baina entrenamendu erritmoa jaitsi egiten da, eta Lau eta Erdirako berriro hasten da fuerte. Beste aldean lana egingo dute, eta zer esango nuke nik, emaitzak gure aldera etorri dira.
Oso pozik nago daukagun koadroarekin, oso ona eta oso konpentsatua da. Lanean jarraitu behar dugu, ezin gara lokartu, lokartuz gero, bestea hortxe dago-eta.
Koadroa oso ona da, bata ez dagoenean bestea dagoelako. Badakigu Juan, azkenean, onena dela, eta pixka bat aparte dagoela. Kasu honetan bezala, Irujo ez dagoenean -zorionez, askotan egoten bada ere-, besteek erantzuten dute. Orain ere, topera egon gabe finalerdietan dago.
Irujo da oinarria, baina besteak ere oso onak dira. Eta gainera, beste pilotari on horiek hor egoteak Juan handiagoa egiten dutela iruditzen zait.
Gainera, sekula baino pilotari on gehiago dago, ezta?
Pilotari handiak daude, orain erritmoa ere kristorena da, eta ez da erraza erritmo horretan jokatzea. Gero, batez ere enpresa handietan, gurean behintzat, atzetik datozenekin badago lana non egin eta esperantzarekin gaude pilotari onak ateratzeko.
Bilbon jokatzeko moduan egongo al da?
Bera asko saiatzen ari da, jokatu nahi du. Asko sufritzen ari da. Berak badaki ez dagoela ondo, baina lortu du berriro txapelketan sartzea, sekulako ahaleginak egiten ari da, eta hori ikusi egin beharko genuke. Errazena, gaizki ikusten dugunean, kritikatzea da, «hobe etxean geratu balitz» eta halakoak esatea. Baina ondo ez dagoela jakin arren, esfortzu ikaragarria egiten ari da, eta eskertzen jakin beharko genuke. Denok nahi dugu Irujo ikusi, baina normala da gorabeherak izatea. Gaizki dagoela ikusten badu ez da irtengo, baina bera saiatzen ari da ondo jartzen eta ahalik eta hobekien irteten kantxara, baina beti ez da hala gertatzen.
Espero al zenuten Merinok halako maila ematea?
Txapelketan sartu bada, argi dago enpresak konfiantza daukala beregan. Beroiz hor zegoen, Zubieta min hartuta zegoen, eta ikusi egin beharko litzateke bestela sartuko ote zen... Gero berak erakutsi du zergatik zegoen konfiantza hori. Egia da partida batzuk ikaragarriak egin dituela, baina normala da, era berean, debutatu berria izanda, gorabeherak izatea. Oso pozik gaude berarekin, baina lanean jarraitu behar du.
Nola ikusten duzu finalerdietako ligaxka?
Orain artekoa ikusita, Xala-Barriola, eta agian Olaizola II.a-Begino, pixka bat aurretik ibili dira, baina ikusi da besteak gai direla irabazteko. Gonzalez eta Laskurain partida batean erraz nagusitu ziren Aimarren kontra, Xalaren kontra ere hortxe izan ziren... Nahiko paretsu ikusten dut dena.
Eta promoziokoa?
Hor ere hiru sartu ditugu. Asegarceren bikoteak gogorrak dira bietan, eta helbura izango da finaletik kanpo uztea. Segundan, nahiz eta Olaetxea-Albisu ondo hasi ez, maila ona hartu dute. Hor ez dut ikusten bikote faborito garbirik, ea zer gertatzen den, nahikoa paretsu dago.