GARA > Idatzia > Kultura

Letra gordinez osatua, baina itxaropenez beteriko diskoa kaleratu du Patxi Saizek

Patxi Saiz kantautoreak bere hirugarren diskoa kaleratu du. Itxaropenez betetako mezuek osatzen dute lan berria, izenburuak dioen moduan. Gainera, Basarriren eta Telesforo Monzonen hitzak ere jaso ditu.
p042_f03_096x096.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Doinu melodiko eta intimistez egina, bi urteko lanaren ondoren bere hirugarren diskoa autoekoitzi du Patxi Saizek, «Itxaropena» izenburukoa. Folk melodikoaz eta nostalgiaz bustia, maitasuna, herrimina, Euskal Herriko egoera politikoa edota euskara dira landu dituen gaiak. «Euskal kantu tradizionalean eta kantautoreen tradizioan» oinarritzen da hamaika kantuz osatutako disko hau.

«Gaur egun esaten denez, krisiak eragina izan du diskoetxeen gainbeheran. Nik krisi hori aspalditik jasaten dut, bazterkeria nozituz, denok ez ditugulako aukera berdinak», azaldu zuen Saizek. Izan ere, atzo esan zuenez, diskoetxeek ez dute bere lana kaleratzeko inongo borondaterik izan. «Ez dute borondaterik izan eta tratu lotsagarriren bat ere jaso izan dut». Gainera, diskoetxeen bidez ekoitzitako diskoak garestiagoak ateratzen direla ere esan zuen Saizek, beraz, bere lanak kaleratzeko egiten duen aukera autoekoizpena izaten da, eta kaleratu dituen hiru diskoetatik bakarra da diskografika batean egina.

Bazterketa horren arrazoietako bat lantzen dituen gaiak izan litezkeela ere azaldu zuen atzo, nahiz eta ziurtasunik ez duen. Izan ere, gai politikoak dira nagusi bere lanetan, adibidez, Euskal Herriaren egoera politikoa bai gaur egun, bai iraganean; edota euskara. Horietaz gain, bizitzaren eta zoriontasunaren inguruko hausnarketak eta maitasunari buruzko abestiak ere entzun daitezke «Itxaropena» diskoan.

Kantuen hitz gehientsuenak Patxi Saizenak berarenak badira ere, beste autore batzuenak ere erabili ditu, besteak beste, Ernest Arranbide, Luis M. Lauzirika Txili, Inazio Eizmendi Basarri eta Telesforo Monzonenak. Hala, Basarrik Gernikako bonbardaketari buruz idatzitako letrak berreskuratu ditu doinu eta musika gehituz.

Ahotsa eta gitarra dira oinarri diskoan zehar, baina bestelako instrumentazioa ere erabili du, hala nola pianoa, akordeoia, biolina, oboea edota harmonika agertzen dira lanean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo