GARA > Idatzia > Kultura

Latinoamerikako sei filmek parte hartuko dute Zinema Eraikitzen ekimenaren 19. edizioan

GARA | DONOSTIA

Argentinako, Brasilgo eta Txileko sei filmek parte hartuko dute Zinema Eraikitzen ekimenaren aurtengo edizioan. Donostiako Zinemaldiak eta Okzitaniako Tolosako Latinoamerikako Zinema Topaketek elkarlanean antolatzen duten ekimenean sei filmek parte hartuko dute. Ekintza bikoitza denez, irailean Donostiako Zinemaldian egingo den Zinema Eraikitzen sailarekin osatuko da.

«Bonsái» filmak (Cristian Jimenez, Txile/Estatu frantsesa/Portugal/Argentina) idazle lanari ekingo dion Julioren nobela berria kontatuko du, literatura ikasketak burutzen ari zela Emiliarenganako izandako maitasunari buruzkoa, alegia. «El notificador» filmak (Blas Eloy Martinez, Argentina) Botere Judizialeko ofizial jakinarazle baten bizitza monotonoa agertuko du, monotonoa, hiriko pertsonaia bitxi batzuk ezagutuko dituen arte behintzat.

Brasil, Estatu frantses eta Argentinatik, «Histórias que só existem quando lembradas» (Julia Murat) joango da lehiaketara, hilik dagoen hiri zahar bateko bizitza azalduz. «Salsipuedes» filmak (Mariano Luque, Argentina) familia barruko liskar eta aurpegi faltsuak erakutsiko ditu eta «Sentados frente al fuego» lanak (Txile/Alemania) urte asko elkarrekin iragan duten senar-emazte baten erlazioa erakutsiko du, gaixotasun bat dela medio, emaztea erabat ahitzen doan bitartean. Azkenik, «Zoológico» filmak (Rodrigo Marin, Txile/ Uruguai), errealitate erabat amerikartu batean kokatuta, hiru neraberen bizimoduak azalduko ditu.

Guztira 92 proiektu aurkeztu ziren edizio honetan parte hartzeko asmoz, eta horietatik sei hauek hautatu zituzten. Hala, bihar eta etzi proiektatuko dira Tolosan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo