GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hautagaiek presoei eta euskarari buruz duten iritzia kaleratu dute

Hauteskundeen karietara, arrunta da elkarteek eta kolektiboek beraiek lantzen duten arazo edo esparruez hautagaiak interpelatzea. Kantonamenduko bozetan ere hala gertatu da. Bihar hautestontzira joan aitzin, jaso dituzten erantzunen berri eman dute hainbatek, besteren artean, Batera plataformak, Autonomia Kolektiboak, Kontseiluak eta Anai Arteak.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Hauteskunde kanpaina gehienetan bezala, Paueko Kontseilu Nagusiaren erdia berritzeko honetan ere, hautagaiek interpelazio ugari jaso dituzte elkarte eta kolektiboen aldetik. Elkarte bakoitzak lantzen duen arazoari buruz zein iritzi duten argitzeko eta, hautatua suertatuz gero, zer egiteko prest legokeen azaltzeko eskatzen diete hautagaiei.

Horrela, Anai Arteak euskal presoen hurbiltzea, gaixo daudenen eta zigorra betea dutenak aske uztea eta amnistia eskatuz Kontseilu Nagusian mozio bat aurkezteko engaiamendua eskatu die.

EHBai-ko hautagaiez gain, NPAko hirurek, Bastidako Leopold Darritchon independen- teak eta UMPko Jean Castaingsek; Baiona-ekialdeko Marie-Christine Aragonek (PS) eta Georges Barrerek (eskuina) babestu dute Anai Artearen eskaera.

Euskarari dagokionez, Kontseiluak hiru esparruri buruz -euskararen estatusa, euskara irakaskuntzan eta euskara administrazioan- zuzenean elkarrizketatu ditu hautagaiak. Kantonamendu eta joera politiko ezberdinetako hemezortzi hautagai, hain zuzen. Beste zazpirekin ez dute hitzordurik lortu eta batek -Hazparneko Beñat Inchauspe zentristak- ezezkoa erantzun die.

Euskararen ofizialtasunaren kontra inor ez da agertu, baina ñabardurak izan dira hainbat kasutan, horien artean, «frantsesaren kaltetan ezin dela izan». Irakaskuntzan eta administrazioan, euskararen ezagutza derrigortzeak eztabaida sortu du.

Instituzio propioa

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako erakunde baten beharraz, bi kolektibok pausatu dizkiete galderak. Batera-k Lurralde Elkargoaren proposamenaz eztabaidatzeko Ezpeletan antolatu zuen bilkura irekian hemezortzi hautagaik hartu zuten parte.

Oro har, abertzaleak eta Berdeak ados agertu ziren. NPAko Nogues, PSko Aragon; Lacassagne, Larran-Lange Iriart eta Inchuspe zentristak; Darritchon eta Yves Ugalde ere bai.

Autonomia Kolektiboak, berriz, FNkoei izan ezik, hautagai guztiei galdetu die autonomia estatusari buruz. Jasotako erantzunetatik, inork ez du argiki aldeko jarrerarik hartu. EHBai koalizioak «Euskal Herriaren ezagupena eta Ipar Euskal Herriarentzat eskumen zabaleko marko instituzionalaren premia» aldarrikatzen duela nabarmendu du.

ANGELUN

Angelu Iparraldeko kantonamenduan, Angelu Zaineko hautagai Iñaki Zaldunbideren alde bozkatzera deitu du ABk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo