GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Marka saiakera

Enbor handiak tartean direla, bi marka ahalegin egingo dira

Bihurri Berrizen saiatuko da hiru metroko buelta duen enborra esku batekin mozten. Larreatarrak Barakaldon arituko dira hiru kanako enborra erdibitzen.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA

Aizkoran, enbor handiek hartuko dute protagonismoa. Asteburu honetan bi marka ahalegin izango dira, biak gaur, eta bietan tamaina handiko egurrarekin. Bihurri izango da hasten lehena. Goizeko hamarretan ekingo dio lanari Berrizko plazan. Aurrez aurre bueltan hiru metro dituen enbor handia izango du eta esku bakar batekin moztuko du.

Gipuzkoarrak garbi utzi du bere helburua lana bukatzea dela, ez duela inongo helbururik jartzen, eta bukatzearekin konforme geratuko dela, lana handia eta zaila izango baita.

Ordubete geroago Barakaldon izango da ekitaldia, bertako Foruen plazan. Larrea familia izango da horretan protagonista. Hiru gizalditako aizkolariak arituko dira, eta hiruren artean hiru kanako enbor moztu nahi dituzte.

Julian, 80 urtekoa, Armando, 50 urtekoa, eta Julen, 14 urtekoa, arituko dira lanean. Hiruren artean moztuko dituzte enbor guztiak; ez dute bana moztuko eta enbor bakoitzean hirurak arituko dira. Horrela, familiako errekorra jarri nahi dute, eta horretan ahaleginduko dira. Horretarako, lana bukatzea nahikoa izango dute, eta ez dute inongo arazorik izatea espero.

Azkeneko txapelak

Sokatiran Euskal Herriko Txapelketako azkeneko txapelak banatuko dira. Gizonezkoak 560 kilokoan neurtuko dira, eta emakumezkoak, berriz, 500 kiloko ekimenean. Amaiur, Ñapurrak, Sokarri eta 6 Conceyos neurtuko dira mutiletan, eta nesketan, berriz, Badaiotz, Sakana eta Ibarra. Ekinaldia Arrigorriagako pilotalekuan hasiko da 18.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo