GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Isiltasunean lagun

Film bateko protagonistek «ez dena esaten ezabatu egiten da» zerabilten bizitza-filosofia, nahiz eta gezur hutsa besterik ez dela jakin.

Izan ere, munduan urte gutxi batzuk egondakoan, edonor konturatzen da isiltasunak ez duela horrelakorik egiten, are gutxiago gertakariak izugarriak izan direnean, norberaren nortasuna edo ibilbidea betiko eraldatu dutenean eta nora eza baino ez dakartenean, dela maila pertsonalean, dela herrialde gisa.

Munduan informazioa maneiatzen duten enpresa nagusiek, zabaltzeaz arduratzen diren hedabide handiek, handien mendeko txikiek, hedabide horiek nahieran erabiltzen dituzten agintari eta «interes handien» jabeek primeran ezagutzen dute informazioaren boterea, euren mesederako den hori, baita desinformazioarena ere, besteen kalterako estrategia zikin. Bataren eta bestearen artean mugitzen dira, unean uneko «interes handien» arabera. Adibide bat jartzearren, oraintxe bertan petrolioaren prezioak estutzen ditu, ondorioz, Libiako ezegonkortasunak, munduko agintariak ezgaiak diren arren bertako herritarrei lagunduko dien neurririk hartzeko, hedabideak, ordea, hor ari dira Libia eta Gadafi maltzurrari buruzko informazioa bota eta bota.

Estrategiak; isiltasuna bera ere estrategia gorenen artean dago, duela oso gutxira arte Gadafiren beraren inguruan, hain zuzen, egin bezala. Halako adibideak erruz jar litezke, klasiko bat baita diktadoreak onura ekonomikoak eman bitartean onartzea. «Aipatu ere egiten ez dena ez da gertatzen», mundu-gidarien filosofia. Eta lortzen dute, hori da larriena. Tunisian, Egipton edo Libian gertaturiko guztia bat-bateko kontua delako sentsazioa dugun arren, uste ustela. Urteak eta urteak darama jendeak borrokan, herrialde horietan eta beste hainbatetan -sahararren adibide garbia begiratu besterik ez dugu- eskubideen eta askatasunaren alde, pobrezia eta bazterkeriaren kontra. Terminoez harago, urteetako milaka gertakari daude horren atzean. Kontua da horiek ez direla «interes handiak», eta hauen bultzatzaileei ez diela askatasuna aldarrikatzen dituztenak pobrezia eta bazterkeriatik ateratzea merezi.

Herri eta mundu mailan ez dago isiltasuna emakumeak baino hobeto ezagutzen duenik. Luzaroan inposatua, barneratuta dugu nolabait, eta kostatu egiten zaigu egoerak iraultzeko, presioa egiteko eta eskubidez geurea dena exijitze aldera elkartzeko, isiltasuna alde batera lagatzea. Hori nolabaiteko aberastasunean biziz gero, zeren kontuan hartuta pobreziaren aurpegia emakumezkoarena dela -emakumeek elikagaien %70 ekoiztu arren, lurren %1 baino ez dute-, ulergarria baita garrasika hasteko indarrik ere ez izatea. Bestalde, isiltasun-mota ezberdinak inposatzen jarraitzen dutenenganako beldurra baztertzea ere ez da bat-bateko kontua, ez da egun batetik bestera gertatzen.

Horrenbestez, mundu mailan bortizki eztanda egiten ez dugun bitartean, emakumeon eskubideak ez dira «interes handiak» izango eta geure eskaerek ez dute oihartzunik izango. Baina agian egunen batean, hedabide handiek emakumeen ustekabeko iraultzaz hitz egingo dute, azal lodi-lodiaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo