GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Diego Pertusso: Herriak hautatu duen lehiakidea

Mexikoko herri txiki batean diru bilketa egiten ari dira, uruguaitar batek olatu handien munduko zirkuituan parte hartu ahal izateko.

p046_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Kalifornia Behereko hegoaldean munduko olatu beldurgarrienetakoa duen lekua dago, Todos Santos. Bertan egiten dute olatu handien munduko surf itzulia osatzen duten bost txapelketetako bat. Aurten ez dute txapelketa egin, olatuek gutxieneko altuera lortu ez dutelako, baina datorren itzulirako olatu hori oso ongi ezagutzen duen surflari bat gonbidatu dute, Diego Pertusso. Surflari honek ez du babeslerik, baina herritarrak bera laguntzeko elkartu dira.

Olatu handien zirkuitua

Olatu handien mundu mailako zirkuitua bigarren aldiz egin dute, Big Wave World Champion 2010/20111. Bost probek osatzen dute itzulia, baina horietatik bi ez dituzte egin aurten, behar adinako olaturik izan ez delako.

Leku bakoitzak urte sasoi jakin bat behar du olatu handiak izateko, eta hala ere, zail izaten da gutxieneko baldintzak lortzea. Horregatik, txapelketa egiteko denbora tartea zabala izaten da, hiru hilabete edo gehiagokoa. Itsaski handien garaia negua dela kontuan hartuta, urteko azken hilabeteak eta urte berriko lehen hilabeteak izan ohi dira egokienak, eta horregatik aipatzen dira bi urte txapelketen izenburuetan.

Aurrekoa 2009. eta 2010. urteen artean izan zen, eta Carlos Burle brasildarra atera zen garaile. Aurten Jamie Sterling hawaiiarra izan da txapelduna.

Hiru proba egin dituzte aurten. Lehena 2010eko maiatzaren 19an egin zuten Txilen, Punta de Lobos ezker olatuan, eta irabazlea bertako surflari bat izan zen; Cristian Merello. Bigarren txapelketa 2010eko abuztuan egin zuten, Perun, Pico Alto eskuin olatuan, eta irabazlea Jamie Sterling izan zen. Hirugarren txapelketa AEBetako Oregon estatuan sortzen den eskuin olatu batean egin zuten, 2010eko azaroaren 2an. Leku horrek Nelscott Reef du izena, eta 2006az geroztik egiten dute bertan olatu handien lehiaketa, baina aurten txertatu dute lehen aldiz munduko olatu handien itzulian. Irabazlea Kohl Christensen hawaiiarra izan zen.

Itzulia osatzeko, bi txapelketa gehiago egitekotan ziren Mavericks (AEBak) eta Todos Santos (Kalifornia Beherea) leku ezagunetan, baina behar adinako itsaskirik ez da izan, eta txapelketa egiteko epea amaitu da, beraz egindako hiru txapelketetan puntu gehien lortu dituen surflariak irabazi du 2010/2011 itzulia.

Irabazlea Jamie Sterling izan da. Lehen txapelketan laugarren postua lortu zuen, bigarren txapelketan lehen postua eta hirugarren txapelketan hirugarren postua. Bildutako puntu guztien batuketa eginda, berari dagokio txapela, nahiz eta saria apirilaren 30ean jasoko duen, Surfing Heritage Foundationek San Clementen (AEBak) duen egoitzan izango den ekitaldian. Ekitaldi horretan bertan emango diote hasiera datorren itzuliari, eta lehiakide berriak aurkeztuko dituzte. Tartean izango da Todos Santoseko surflariek aukeratu duten ordezkari uruguaitarra.

Peligroso Todos Santos

Urtero egiten da Todos Santosen olatu handien surf txapelketa, urtarrilaren 1a eta otsailaren 28a bitartean, eta babesle nagusia, nola ez, «Tekila» da. Olatu handien txapelketak egiteko zazpi metroko altuera izan behar dute gutxienez olatuek. Baldintza egokiak datozela ikusiz gero, antolatzaileek gutxienez hiru egun aurretik deitzen dituzte 24 lehiakideak, eta txapelketak sei ordu irauten du.

Lehenik sei kidez osatutako lau txanda izaten dira, bakoitza 45 minutukoa, eta lehiakide bakoitzak kolore desberdineko likra eramaten du. Txanda igarotzea lortzen duten 12 lehiakideak finalerdietara pasatzen dira zuzenean, eta berriz ere 45 minutuko bi txanda egiten dira. Azkenik, finala egiten da sei lehiakiderekin eta ordubete irauten du. Aurten egitekoa zen txapelketak The Peligroso Todos Santos zuen izena, eta BWWT (Big Wave World Tour) zirkuitua osatzen duten bost probetako azkena behar zuen izan, baina ez da behar adinako itsaskirik izan eta ez dute proba jokatu.

Diego Pertusso

2000. urtean Uruguaiko txapelduna izan zen. Horren ostean, Uruguaiko La Paloma, bere jaioterria utzi eta Mexikora joan zen, Kalifornia Behereko hegoaldera. Gaur egun, han bizi da bere sendiarekin eta eraikuntza, zein mantentze lanak egiten ditu. Horretaz gain, Cortez itsasoko uretan kayak bidezko itzulietan gidari lanetan aritzen da, eta iaz tokiko lehen salbamendu taldea osatzen parte hartu zuen. Libre geratzen zaion denbora osoa olatu erraldoiak bilatzen xahutzen du, Kalifornia Behereko kostaldean.

Todos Santoseko olatua maite du Diegok. Bere etxetik mila kilometrora dagoen olatua hartzeko gau osoa gidatzen edo autobusean eman behar du, eta jarraian, irlara eramaten duen ontzia hartu. Irabazten duen txanpon bakoitza bidaia neketsu hori egiteko gordetzen du. Jarrera hau ikusita eta olatu honekiko duen irrika kontuan hartuta, Todos Santoseko olatuan egiten den munduko txapelketan leku bat gordetzea erabaki zuten txapelketako antolatzaileek. Aurtengoan The Peligroso At Todos izena jarri zioten txapelketari.

«Diegok txapelketa honetan parte hartzea desiratzen du, beste ezer baino gehiago. Aukera bat eman behar zaio, hain ongi ezagutzen duen olatu honetan bere abilezia erakusteko aukera izan dezan», esan zuen Gary Linden, zirkuituko zuzendariak.

Diegok bere ametsa gauzatzeko arazo bat du, ordea. Parte hartu ahal izateko plaza lortu zuen, baina ez du babeslerik. Gainerako lehiakideek babesleak dituzte, materiala eta dirua ematen diete. Taula apurtzea ez da arazoa haientzat eta bidaiak babesleek ordaintzen dituzte, baina Diegok ez du horrelakorik. Hori ikusita, bere herriko surflari batzuk Diego laguntzeko kanpaina jarri zuten martxan. Herritarren artean bildutako diruarekin parte hartu ahal izango du Diegok aurtengo itzulian. Beraz, Uruguaitik iritsi berritan babes eman zion herria da bere babeslea.

Diru bilketaren ideia martxan jarri zuen surflarietako bat da Marcos Cota Leon, eta honela azaltzen du: «Azken 45 urteetan surf egiten ibili naiz munduan zehar, olatu handien bila. Diego, Punta Conejosen lau metroko olatuetan surf egiten ikusi nuen lehen aldian trebezia handiko surflari bat ikusi nuen eta gizon hark kirol hau odolean zeramala pentsatu nuen. Bere ametsa gauzatzen lagundu behar zaion pertsona bat dela uste dut. Langile bat da, lau urteko alaba du eta bere eginbeharrak alde batera utzi gabe, hainbeste maite dituen olatu handiak hartzeko sakrifizio handia egin behar du. Gure herria txikia eta lasaia da, denok ezagutzen dugu elkar uretan, horregatik, surflarion artean hitz egiten hasi ginen eta Diegok esker ona merezi zuela pentsatu genuen, ez soilik surflari ona delako, baita pertsona ona delako ere».

Orduan, kanpaina herrikoia jarri zuten martxan dirua biltzeko, eta «Eddie will go» izena jarri zioten, Eddie Aikau olatu handietako surflari hawaiiarraren esaldi famatuari erreferentzia eginaz. Jende askok jarri du bere hondar aletxoa, batzuek 10 edo 20 dolar jarri dituzte, saltokiak eta negozioak ere elkartu dira eta hilean 100 dolar ematen dituzte. Diru horrekin, olatu handietako zirkuitu osoa egin ahal izango du Diegok.

«Diego munduko olatu handietako surflari ezagunenekin surf egiten ikusi ahal izateak hunkitu egiten gaitu, baina batez ere, pertsona baten ametsa gauzatzen laguntzeak pozten gaitu», gaineratu du Cota Leonek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo