GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

«In God's Hands»

SURFLARI ERNEGATUA I

Surflarien artean oso ezaguna da "In God's hands" filma. Fikziozko filma da, baina olatu handien aferan garrantzi handia duen galdera jartzen du mahai gainean: gizakiak arraun eginaz har dezakeen olatuaren altuerak, non dauka muga? Moto baten laguntza zilegi al da?

1998an egin zen filma. Hiru surflari olatu handietarako prestatzen ari dira (Shane Dorian, Matt George eta Matty Liu) eta erreportari batek haien pausoak jarraitzen ditu, Shaun Tomson surflari historikoak.

Filmeko protagonista nagusia Shane Dorian surflari profesionala da. Berarekin batera, Matt George, filmaren gidoiaren egilea eta Matty Liu Oahuko surflari ezaguna agertzen dira.

Filmeko hirukoteak hiru ikuspegi erakusten ditu. Gazteena, Matty Liu, teknologia berrien erabileraren aldekoa da, auzitan ezer jartzen ez duen belaunaldia ordezkatzen du.

Beste muturrean Matt George aurkitzen da, hiruretatik zaharrena. Surflaria ozeanoarekin lotzen duen bitarteko bakarra taula dela dio, eta beraz, uretako moto baten laguntza errefusatzen du.

Erdian, Shane Dorianek, muga non ote dagoen galdetzen du. Matt George arraun eginaz olatu erraldoi bat hartzen hiltzen da eta gertaera horrek Shean hunkitzen du. Kasualitatez filmeko irudi haiek Hawaiin hartzen ari ziren bitartean, surflari bat hil zen handik gertu.

Filmaren amaieran Shane arraunean sartzen da Todos Santoseko olatuan eta hor amaitzen da dena. Hor amaitzen da filma, hor amaitzen da Shane eta hor amaitzen da antzezpena. Galdera airean geratzen da: Non dago muga?

Moto baten laguntzaz olatu erraldoiak hartzen ikustea hunkigarria da, eroriz gero surflaria hil egin liteke, baina egia esan, olatu handi bat moto baten laguntzaz hartzea ez da gauza zaila. Benetan zaila eta arriskutsua olatua arraun eginda hartzea da. Beraz, surflari bat moto baten laguntzaz olatu bat hartzen ikusten dugunean egin beharreko galdera honakoa da: Olatu hori arraun eginda har zitekeen?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo