GARA > Idatzia > Euskal Herria

Presoen eta iheslarien etxeratzea aldarrikatu dute Zornotzan

GARA |

Larunbat eguerdian ekitaldia egin zuten Zornotzan, ``Konponbide demokratikoaren alde, presoak eta iheslariak etxera'' lelopean. Bertan bildutakoek aipamen oso berezia egin zieten espetxetik atera berri diren Joseba Etxezarretari eta Igor Zearreta Bobi-ri, amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi zuenaren arabera.

Ekitaldi jendetsua izan zen, 250 lagun inguruk parte hartu zuten. Txalapartariek eta trikitilariek jo zuten bertan, eta gero lore eskaintza egin zieten senideei.

Amnistiaren aldeko mugimenduko kide batek hitza hartu, eta nabarmendu zuenez, «gure herrian gauzak abiadura bizian gertatzen ari dira. Beti bezala, alde batetik bakearen bidean urratsak ematen diren bitartean, bestetik trabak baino ez dira ageri». «Errepresioa errepresioaren gainean» ezartzea gogor kritikatu zuen, baina urratsak ematera ere deitu zituen herritarrak: «Konponbide demokratiko baten alde lanean jarraitu behar dugu eta gure herritarrek jasaten dituzten injustizia guztiak salatu behar ditugu».

Euskal preso politikoei dagokienez, «gatazka politikoaren ondorio zuzena dira eta benetako konponbide demokratikoa lortuko bada, kontuan hartu beharko dituzte». Horregatik, iheslariak bezalaxe etxera ekarri behar direla ziurtatu zuen.

«Gatza», laster

«Euskal preso politiko bat dagoen bitartean, euskal iheslari politiko bat dagoen bitartean, gatazka politikoak bere horretan jarraituko du, sufrimenduak ez ditu gure etxeak utziko», erantsi zuen.

Zornotzan izanik, parte-hartzaileek ez zuten ahaztu Joxe Mari Sagardui Gatza «laster batean gure artean izango dugula». Jakina denez, 30 urte egin ditu kartzelan Gatzak. Espetxean denbora gehien daraman euskal preso politikoa da, eta mundu osoan ere espetxealdi luzeenetarikoa da hori.

Herenegun, astero bezala presoen aldeko elkarretaratzea egin zuten Hondarribian, eta 39 lagun bildu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo