«Mugaldekoak» filmeko protagonistekin solas egiten ahalko da KMn
Euskadiko Filmategiaren Zineguneek aitzinera segitzen dute, eta gaur «Cuidadores» eta «Mugaldekoak» pelikuletako protagonistekin mintzatzen ahalko dira herritarrak Donostiako Koldo Mitxelenan.
Maider IANTZI | DONOSTIA
«Cuidadores» eta «Mugaldekoak» pelikuletako zuzendari eta aktoreekin elkartu eta lasai ederrean solasean aritzen ahalko dira gaur nahi duten herritar guztiak Koldo Mitxelenan. Euskadiko Filmategiak emanen die aukera, laugarren Zinegunean.
Alzheimerra duten pertsonen senideen bizipenak jasotzen ditu «Cuidadores» dokumentalak, eta Oskar Tejedor zuzendariarekin elkartuko dira zinemazaleak, baita bi zaintzailerekin eta pelikulan azaltzen den taldearen psikologoarekin ere. Hori 18.00etan izanen da, eta 19.30ean II. Mundu Gerrako «Comête sarea»-ren kontuak azaltzen dituen «Mugaldekoak» laneko kideak etorriko dira: Fernando Bernues zuzendaria, Mireia Gabilondo zuzendari eta aktorea eta Kike Diaz de Rada gidoilari eta aktorea (beharbada, Patxo Telleria gidoi arduraduna ere bai).
Azken hauek izan ziren atzo Euskadiko Filmategian, Joxean Fernandez bertako zuzendariarekin batera, topaketen xehetasun guztiak azaltzen. Argitu zutenez, Zineguneetan ez dituzte pelikulak proiektatzen; estreinatzen diren euskal filmen protagonistekin egonez eta mintzatuz jendea zinema aretoetara joatera animatzea da egiten dutena.
Joan den astean ailegatu zen pantaila handira «Mugaldekoak», baina lehenagotik ikusle anitzek jarraitu izanen ditu ETBn hegazkinlari britainiarrei muga pasatzen laguntzen dien Irene Solagurenen eta Francoren armadan aritutako Manuel Larralde senar medikuaren gorabeherak. Telesaila egin eta pelikula Zinemaldian aurkeztu ondotik, Bartonfilms-en laguntzarekin lana zinema aretoetan zabaltzea lortu dute orain. Pozarren daude horregatik. Diaz de Radak umorez aitortu zuenez, pena bakarra dute: «Torrente 4» film arrakastatsuarekin batera estreinatu izana!
Paraxut erraldoi bat biltzen ari den abiadore baten irudia duen kartel berria gibelean zuela, gidoilari honek eskerrak eman zizkien Gabilondori eta Bernuesi, «zinema arte kolektiboa izan arren euren lan luze eta puntillistari esker gauzatu delako proiektua».
Amnesia eta erreferentziak
Bernuesek gogora ekarri zuenez, kontatzen duten istorioa bertze pertsona batzuek aitzinera egin zezaten bizia eman zuten pertsonei buruzkoa da, eta begirada eurengana bueltatzeak bi funtzio bete ditzake: alde batetik, amnesia gainetik kentzea, eta bertzetik, falta zaizkigun erreferentziak izatea, ispilu bat izatea so egiteko.
«Cuidadores» eta «Mugaldekoak» lanez gain, Borga Cobeagaren «No controles» eta Olivier van der Zeeren «La Chanson de Roland» aztertu dituzte Zineguneetan, eta orain adi daude, zein film estreinatzen diren begira, esperientzia ona izaten ari baita (pelikuletako zuzendariek topaketen eragin onuragarria nabarmendu dute) eta zabaldu egin nahi baitute. Montxo Armendarizen «No tengas miedo» izan daiteke hurrengoa.