Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Ipuin poteoan
Lagun bati gertatu zitzaion. Taberna batean ipuinak kontatzen ari zela, gizon bat hurbildu zen bera zegoen taulatu txikira, eta barkamena eskatuz, oholtzatxoa desmuntatzen hasi zen semearen laguntzaz. Jakina, laguna harrituta zegoen zer gertatzen ari zen ulertu ezinik. Oholtzatik jaitsi eta gizona, semearen laguntzaz, puskak biltzen hasi zen. Imajinatu, zelako zalaparta tabernan. Gero jakin zuen. Dirudienez, tabernako jabeak zorretan zion oholtza hura zurginari, eta honek, nazkatuta, emanaldia zegoen egun bat heldu arte itxoin zuen, eta halaxe, berea zena eraman egin zuen.
Mundu bat dira tabernak, eta mundu asko ere bai. Tabernetan edozelako emanaldiak egiteak badu beti zer gerta daitekeen kezka, baina era berean zirrara. Emanaldi biziak dira beti, batzuetan deskalabru hutsak, besteetan, aldiz, denbora nahi gabe pasatzen da, unea gozatuz. Jakina, horretarako, taberna batean emanaldi bat egin behar duenak jakin beharko du bere saioa espazio berezi hori kontuan hartuta planteatu beharko duela; eta espazio horiek guztiak ezberdinak dira, hamaika direlarik konta daitezkeen ostatuetako pasarteak, emanaldiak tarteko.
Eta halaxe ibili ginen larunbatean Ordizian, tabernaz taberna ipuin kontari, ipuin poteoan. Ahoz Aho ipuin jaialdiari hasiera emateko proposamen ederra. Tragoa hartu bitartean istoriotxo bat edo beste entzuteak nolabaiteko humanizazioa dakar, besteari entzuteko parada, egunerokotasuna fantasiaren beiratik ikusteko aukera.
Eta, agian, hurrengo poteoan aspaldian entzundako istorioa lagunei kontatzeko grina. Poteo guztietan ba omen dago zerbait kontatzeko, edo ez?