Sorkun eta Portugaleko Oquestrada taldea, Biarritzen
Gaurtik larunbata bitarte iraganen da Biarrizko Bi Harriz Lau Xori festibala. Antzerki, dantza eta musika ikusgarriak izanen dira ikusgai. Martxoaren 25ean Gare du Midi aretoan Sorkun eta Oquestradarekin eginen den kontzertua da jaialdiko hitzordu nagusia.
Ainize BUTRON | BAIONA
«Gaurko eta biharko kulturen erakusleiho» izatea helburu duen Bi Harriz Lau Xori festibalak gaur zabalduko ditu ateak Biarritzen. «Euskal Herriko eta kanpoko adierazpen egunak» izenburu nagusipean, larunbata bitarte dantza garaikide, antzerki, musika edo dokumental emanaldiak preziatzeko aukera emanen du.
Berriki kaleratu diren ikusgarriak izanen dira nagusi. Hala nola Théâtre des Chimères taldearen «Osaba Vania» antzezlanarekin hasiko da jaialdia. Txekhoven obran oinarritua, euskara eta frantsesa erabiltzen ditu. Konpainia berak haurrentzako «Baba Zango Horiak» euskarazko lana ere eskainiko du.
Hala ere, jaialdiaren hitzordu nagusia ostiral gauekoa izanen da, urtero Gare du Midi aretoan antolatzen den kontzertua. Sorkun kantaria eta Portugaleko Oquestrada taldea elkartuko dira emanaldi berezi horretan. «Espero dugu aurreko edizioetan beste taldeekin gertatu den bezala bi taldeen artean elkartze bat gertatuko dela», erran zuen Eloixa Ospital Biarritz Kultura elkarte antolatzailearen ordezkariak. Sorkunek kontzertu akustikoa eginen du, abesti berri eta zaharrak eskainiz. Oquestrada, bestalde, Portugaleko musika talderik ezagunenetarikoa da.
Ostiralean, Biarrizko Mediatekan «Salda Badago» euskal rockari buruzko dokumentala emanen dute, eta ondotik solasaldia eginen, Eric Zapirain filmaren egilea eta Anje Duhalde musikaria bertan direla.
Horrekin batera, SoinuMapa kolektiboa Biarriztik ibiliko da. «`Biarritz tout oui' izeneko proiektuaren bidez, Biarrizko arrabotsak, elkarrizketak, zapartak eta beste hainbat soinu biltzen arituko dira eta Euskadi Irratian eta Gure Irratian egunero entzuten ahalko dira», argitu zuten antolatzaileek. Larunbatean, herritarrei, irratiak eskuetan dituztela, Mediatekako baratzean elkartzeko deia zabaldu diete «irrati kontzertua» egiteko.
Bestalde, «Euripean» Mizel Théret dantzari eta koreografoak Bi Harriz Lau Xori festibalaren karietara aurkeztuko duen sorkuntzaren izenburua da. Ipar Euskal Herrian dantza garaikidearen bidea urratu duen lehenengoa da Mizel Theret eta, dozenaka ikusgarri sortuak ditu urteetan. «Euripean» obrak Mizel Theret eta Johanna Etcheverry dantzariak elkartzen ditu eta bi zatitan banatuta dago ikuskizuna.
Gotaine-Irabarne eta Altzürükü herrietan banatuko dira aurten, hiru egunez, Xiru festibalaren karietara antolatu dituzten ekitaldiak. Aurtengo gaia «Txakostea» izanen da, «bi soroen artean» erran nahi duen xiberera-kreolerazko hitza. Musika eta sorkuntza elkartzen dituen jaialdia apirilaren 15eko asteburuan hasiko da, eta hiru egunez Euskal Herriko eta atzerriko kantuak, musikak, dantzak, eta antzerki emanaldiak izanen dira. Altzürüküko elizan Euskal Herriko eta Georgiako bozen uztartzearekin hasiko da jaialdia. Emanaldian, Beñat Achiary eta Philippe Ezkurra Georgiako Urmuli taldearekin elkartuko dira. Ondoko egunetarako iragarriak dituztenak, besteak beste: Christiane Giraud eskultorearen obra instalatzeko ekitaldia; Ur taldearen eta Uztaro tailerren zuzeneko arte-margo sorkuntza; Ander Lipus, Amaren Alabak, Maskar Fanfare eta Par-allèles konpainiaren emanaldiak. Horiez gain, Maskaradan oinarrituriko «Maskar» sorkuntza berria eskainiko dute apirilaren 17an, Gotaineko plazan. A.B.