GARA > Idatzia > Kultura

Igorren hasiko da bihar zazpi eskualderen arteko Bizkaiko Bertsolari Gazteen Sariketa

p041_f01_148x76.jpg

A. A. | BILBO

Taldeka eta eskualdeka jokatzen den Bizkaiko Bertsolari Gazteen XIX. BBK Sariketa bihar abiatuko da Igorren, Arratia eta Bilboaldeko taldeekin. Iazko edizioan bezala, zazpi eskualde arituko dira nor baino nor: Arratia, Bilboaldea, Ipar Uribe, Durangaldea, Enkarterri, Busturialdea eta Lea-Artibai. Eskualde bakoitzak bi talde izango ditu, 18 urte arteko eta 19 eta 24 urte bitarteko hiruna kiderekin. Saioak, berriz, ikastetxeetan izango dira, eskola orduan.

Hiru sailkapen saio egingo dituzte, Igorren, Derion eta Zallan, eta iaz txapeldun izandako Lea-Artibai Markina-Xemeingo finalaurrekoan batuko da. Durangon egingo dute bigarren finalaurrekoa eta finala apirilaren 14an izango da Bilboko Kafe Antzokian.

Arkaitz Estiballes Bizkaiko bertsolari txapelduna epaile lanetan arituko da, eta sariketa «berritzailea» dela nabarmendu zuen atzo. «Normalean bakarka aritzen gara eta gazteentzat arrisku faktore asko izaten dira: urduritasuna, presioa... Taldeka izanik, akatsak nolabait estali egiten dira, babestu egiten zaitu taldeak», esan zuen. Berarekin batera, Juanjo Respaldiza eta Gorka Intxaurbe izango dira epaile. Gai-jartzaile, Leire Aurrekoetxea eta Zurine Iarritu arituko dira eta aurkezle lanetan, Maite Berriozabal eta Bernar Mandaluniz.

Talde txapeldunak 1.260 euro eskuratuko ditu, eta bigarrenak, bizkaiera egokien erabiltzen duenak eta finaleko gazteenak ere izango dute saririk. Parte-hartzaileek dietak ere jasoko dituzte aurten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo