Europako epaien garrantzi politiko eta sinbolikoa
Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak prentsaurrekoa eman zuen atzo azken garaiotan Estatu espainolaren aurka Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eta Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak, hurrenez hurren, emandako epai eta gomendioen garrantzia eta esanahia azaltzeko. Euskal Herrian giza eskubideen eta askatasun publikoen aintzat hartzearen aldeko konpromisoan dihardutenek pozez hartu dute Arnaldo Otegi, Aritz Beristain, Mikel San Argimiro edo Mikel Iribarren euskal herritarrek «Espainiako Erresumaren» aurkako salaketak irabazi izana. Zer pentsatu eragin beharko lioke inpunitatean hezi eta hazi den agintaritza espainolari. Garrantzi politiko eta sinboliko handia du hain epe laburrean bere aurkako hainbeste epai pilatu izanak. Eta, batez ere, zeregina dakar berarekin. Hain justu, nazioartean adostutako betebeharrak betetzea.
Euskal herritarren borrokak sortzen ez dituen baldintzak eta aktiboak nekez etorriko dira kanpotik. Egoera politiko berriak lagundurik, lan handia eta ondo egina egiten da arlo horietan, baita bertan egindakoa nazioarteratzen ere. Hau da unea euskal herritarren aktibazioaren eta nazioarteko inplikazioaren bidetik Estatu espainolari beste koska bat estutzeko. Estatuak ongi daki Europan jada matrikula hartu diotela, eta ezin izango duela betiko inpunitatearen kontadorea zeroan mantendu. Denon esku dago hori lortzea.