GARA > Idatzia > Euskal Herria

ETAko kidea dela adierazi omen duen emakume bat atxilotu dute jendarmeek

Ione Lozano Miranda Aresoko biztanlea atxilotu zuen atzo Jendarmeria frantsesak Centre eskualdeko Indre departamenduan. Autoan berarekin zihoan gizonezko batek ihes egitea lortu zuen.

GARA

Jendarmeria frantsesak Ione Lozano Aresoko biztanlea atxilotu zuen atzo goizaldean, 03.20 inguruan, Centre eskualdeko Indre departamenduan. Agentziek zabalduriko informazioaren arabera, jendarmeek paraturiko errepide kontrol batetik ihes egiten saiatu zen Lozano, baina istripu txiki bat izan zuen. Berarekin zihoan gizonezkoak ihes egitea lortu zuen Citroen markako ibilgailuan, eta haren bila dabiltza, betiere iturri polizialen arabera.

Efe agentziak zabaldu zuenez, Lozanok 2010en Guardia Zibilak Villabona eta Asteasu artean atxiloturiko Ibai Beobiderekin zerikusia dauka, eta hura atzeman zutenetik ihesean egon da. Beobidek inkomunikaturik eduki zuten bost egunetan torturatua izan zela salatu zuen.

Estatu espainoleko «terrorismoaren aurkako borroka» delakoaren iturriek esan zutenez, Lozanoren bila zebiltzan duela urtebete baino gehiagotik.

Otsailaren 16an Kataluniako Port Boun -Estatu espainolaren eta frantsesaren arteko mugan- atxilotu zuten Jon Rosalesen bikotekidea dela ere esan zuten.

Iturri polizialek diotenez, geldiarazi zuten unean ETAko kidea zela aldarrikatu zuen Lozanok. Estatu espainoleko nortasun agiriak eta talde armatuaren dokumentazioa zeramatzan. Pistola bat ere ba omen zuen.

Gobernu espainoleko Barne ministro eta presidenteorde Alfredo Perez Rubalcabak, Madrilgo Canillas polizia-etxean egindako adierazpenetan, atxiloturikoa «ez zela gauza onean aritzen» esan zuen, Lozanok omen zeraman pistola aipatu zuelarik horren frogatzat.

Rubalcabaren agerraldia

Halere, ez zuen argitu nahi izan zer den Lozanori leporatzen diotena, eta nabarmendu beharrekoa da galdeketen emaitzen zain egongo direla esan zuela.

Dena den, Lozanok duela urtebete, Ibai Beobide atxilotu zutenean, polizia operazio batetik ihes egitea lortu zuela bota zuen ministroak. Estatu frantseseko polizien lankidetza eskertu zuen aurretik.

«Ihes egitea lortzen dutenak, poliki-poliki atxilotzen ari dira», gaineratu zuen Rubalcabak, eta atzoko atxiloketa «ETAren amaierarantz eman dugun beste pauso bat da», erantsi zuen.

Horiek horrela, «gero eta gertuago dagoen ETAren amaieraren bidea guztiok elkarlanean» egitearen beharra nabarmendu zuen Barne ministro espainolak. «Hona elkarrekin iritsi gara eta oso gutxi falta zaigu. Geratzen zaigun bidea guztiok elkarrekin egin behar dugu», esan zuen.

«ETAk bereari uzten ez dion bitartean guk ere gurean segituko dugu», ohartarazi zuen Rubalcabak.

Mobilizazioa

Aresoko herritarrek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Nafarroako herrian (120 lagun) Ione Lozanoren atxiloketa salatzeko. Bertan bizi da Lozano. Gaur batzarra egingo dute 19.30ean eta kontzentrazioa 20.00etan.

ihesi

Polizia iturriek jakitera eman zutenez, atxilotuarekin batera zihoan gizonezko batek ihes egitea lortu zuen auto istripuaren ostean, eta haren atzetik dabil Estatu frantseseko Polizia Judiziala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo